Abian gara
Ekitaldian, Antzart antzerki taldeak, Maialen Lujanbio eta Arkaitz Estiballes bertsolariek eta flamenko-txalaparta Lidia de Lorenzo bailaoraren taldeak hartu dute parte.
Bilborock-ek jaso du gaur goizean kultur aniztasunaren aldeko ekitaldia
2013ko otsailaren 16
Bizkaiko hiriburuko Bilborock aretoak jaso du gaur goizean Euskal Herria 11 Kolore-k antolatutako ekitaldia. Bertan, hemengo kultur aniztasunaren alde borrokatzeko jaio den ekimen honek jaso dituen lehenengo atxikimenduak ezagutzera eman dira.
Ehundaka lagun hurbildu dira Bilboko ekitaldira, horien artean kultur arloko izen ezagun asko.
Ekitaldia Antzart Taldearen antzezlan labur batekin abiatu da eta, ondoren, Maialen Lujanbioren eta
Arkaitz Estiballesen bertsoak entzuteko parada izan da. EH 11 Kolore-ren izenean, Samira Goddi Mendizabalek eta Imanol Agirrek hartu dute hitza. Ekimen honen hasierako adierazpenean jasotako helburuak gogoratu dituzte: Euskal Herriko herritar guztien eskubideen, betebeharren eta aukeren berdintasuna defendatzea, haien jatorria edozein dela ere; jatorri edo identitate arrazoiengatik izan daitekeen edozein diskriminazio egoera arbuiatzea; euskal gizartearen kultura aniztasuna sustatzea, berezko balio gisa, joera uniformatzaile eta asimilatzaileen aurrean; jatorri askotako euskal herritarren arteko elkarlaneko esparruen alde egitea; eta eztabaida bultzatzea, bizikidetza eraikitzeko asmoz, denok parte sentituko garen gizartea osatuz".
Bozeramaileek orain arte jasotako atxikimenduak -400 baino gehiago dira dagoeneko- eskertu
dituzte. Besteren artean, Adierazpenarekin bat egin dutenen artean daude Mikel Urdangarin, Roberto Moso (Zarama,) Harkaitz Martinez (Oreka TX), Kepa Junkera edota Gose taldea. Baita arte eszenikoen arloko Ramon Barea, Mikel Martinez, Galder Perez, Garbitxu (Deabru Beltzak) eta Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoak ere; Txani Rodríguez, Edorta Jiménez eta Paddy Rekalde idazleak; Urtzi Urrutikoetxea, Dani Álvarez eta Xabier Euzkitze kazetariak; Igor Elortza eta Onintza Enbeita bertsolariak; eta kirol munduko Joane Somarribia txirrindularia, Iñaki Perurena harri-jasotzailea eta Ritxi Mendiguren (Athletic Fundazioa), besteak beste.
Geroago, Goddik eta Agirrek EH 11 Kolorek emango dituen hurrengo pausoak iragarri dituzte. Lehena, Aniztasunaren Sarearen sorrera da. "Alor desberdinetako 900 elkarte baino gehiagorekin
jarriko gara harremanetan, jatorri desberdinetako elkarteekin, sindikatu eta eragile politikoekin, kultura eta euskara alorreko erakundeekin, diaspora eta bestelakoekin. Horiekin topaketarako,
elkarrekintzarako eta elkarlanerako guneak erraztu nahi ditugu". Bigarren lan ildoa, aldiz, hausnarketari ekingo dio, aniztasunaren eta identitateen inguruan, hori hemendik bi astetara
aurkeztuko dute
Bukatzeko, Lidia de Lorenzo Ermuako bailaorak "De Norte a Sur" txalaparta eta flamenko uztartzen dituen ikuskizuna taularatu du.