Abian gara

palaciomiramar

"Aniztasunaren kudeaketa: Països Catalans eta Euskal Herria” jardunaldiak hartuko ditu Miramar Jauregiak

Estaturik gabeko nazioetan kultur eta jatorri aniztasunaren gaiari nola heldu?

2013ko martxoaren 6

Donostiako Miramar Jauregian martxoaren 14 eta 15erako antolatu diren jardunaldietan Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako eragile instituzionalak, politikoak eta akademikoak bilduko dira, bi naziootan kultur eta jatorri aniztasuna kudeatzeko duten erronka hizpide hartuta. Politika instituzionaletan eta gizarte esku-hartzekoetan aniztasun hori kudeatzearen nondik norakoak aztertuko dituzte.

Aniztasunaren kudeaketa: Països Catalans eta Euskal Herria” jardunaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu ditu eta EHUk, Eusko Ikaskuntzak eta Ciemen zentro katalanak antolatu dituzte, Euskal Herria 11 Kolore herritarren ekimenaren, EHU Guneren eta IAIZen (Identitate eta Aniztasun Ikerketa Zentroa) lankidetzarekin.

Jardunaldiotan izango dira, besteak beste, Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea; Marcos NanclaresGipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun zuzendaria; eta Kataluniako Generalitaten aldetik Xavier Bosch Immigrazio zuzendari nagusia eta Angel Colom Immigrazio arduraduna. Era berean, CIU, ERC eta CUP alderdietako ordezkariek, EHUko irakasleek eta Kataluniako unibertsitateetakoek hartuko dute parte ekitaldian, Eusko Ikaskuntza, Ciemen, Kontseilua, Fato Cultural GalegoAltres Andalusos eta beste gizarte erakunde batzuetako ordezkariekin batera.

Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan kultur eta jatorri aniztasunaren ildoan dauden erronkak eta horiei heltzeko moduez gogoeta egingo dute hizlariek. Bestalde, identitate eta kultur fenomenoen bilakaeraren eta egungo kudeaketaren diagnostikoa egiten saiatuko dira partaideak. Azkenik, estaturik gabeko nazioen subiranotasun-prozesuen esparruan gai horiek planteatzen dituzten erronkak eta lan-ildoak zehaztuko dituzte.

Hemen duzue egitaraua eta hemen izena emateko agiria.