Abian gara
11 Danbor Martxan perkusio eta animazio 40 taldek hartuko dute parte
2013ko maiatzaren 30
Euskal Herria 11 Kolore herri ekimenak larunbaterako Donostian deitu duen 11Kolore Fest - Aniztasun Eguna aurrera eramateko prest dago. Festa horren ekitaldi nagusia “Gora aniztasuna- Bai aniztasunari!” lelopean Donostiako kaleetatik egingo den 11 Danbor Matxa izango da.
Norbera bere kabuz joango den jendeaz gain -ehunka elkartek babesa agertu diote-, berrogei bat perkusio eta animazio talde helduko dira autobusez Euskal Herriko herri askotatik. Horien artean daude: Atanbora martxaren doinua konposatu duen Oreka Tx musika taldea; Lekittoko Deabruak kale-antzerkiko taldea; Ghanar, Senegaldar edota Saharar jatorrizko elkarteen dantzari eta perkusiojotzaileak; batukadak, jai-koadrilak, erraldoien konpartsak, joaldunak eta zanpantzarrak, eta abar. Gainera, Donostiako zortzi danborradek -Union Artesana, Tenis Elkartea, hainbat ikastola eta beste batzuek- parte-hartzea baieztatu dute.
Egitaraua
Donostiara goizetik joango den jendeak pintxo-poteo berezi bat egin ahal izango du, 11 Pintxo 11 Zapore ekimenari esker. Alde Zaharreko hamaika tabernek 2 euroren truke pintxo berezia eskainiko dute egun horretan, Senegal, Andaluzia, Ukrainia, Galizia, Kuba, Irlanda, Sahara, Ekuador, Pakistan, Txina eta Mexikoko gastronomietan oinarritutakoa eta ospakizunerako propio sortutakoa.
11:00 eta 13:30 bitartean, Boulevard-en, haurrentzako maskarak eta danborrak egiteko tailerra antolatuko da. Porrotx pailazoak zuzenduta, bertan arratsaldeko martxan jotzeko perkusio-tresnak egiten irakatsiko da.
17:30etan ekitaldi nagusia hasiko da, Yolanda Bustillo aktoreak aurkeztua. Samira Goddik eta Xabier Mendigurenek pregoia irakurriko dute eta, ondoren, txupinazoa botako dute eta, horren ostean, Oreka Tx-ek konposatu duen Atanbora abestia denon artean joko dugu. Hori bukatu eta berehala irtengo da 11Danbor Martxa, Txantreako Zanpantzarrak, Burubeltz maskota eta Taupada danborradak buruan izango dituela. Donostiako hiriguneko kaleak zeharkatu ostean, Boulevard-en bukatuko da ekimena eta, bertan, Lekittoko Deabruak antzerki taldeak animatuko du giroa amaiera emanez.