Abian gara

img_6581_1

11 Kolore Fest Jaialdiaren bigarren edizioak milaka pertsona batu ditu eta jatorri aniztasuna ikustarazteko helburua bete du

2014ko ekainaren 2

Euskal Herria 11 Koloren, 11Kolore Fest-en bigarren edizioaren emaitza oso ona izan dela uste dugu, izan ere, milaka lagunek parte hartu dute. Lehenengo aldiz, EH 11 Kolore eta Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioak bat egin dute eta, jatorri ezberdineko hainbat komunitatearekin, Udalarekin, Donostia 2016rekin eta Donostiako Piratak taldearekin batera, Aniztasunaren Asteburua burutu dute.

Euriak goizeko antzezlana bertan behera utzi zuen arren, bestelako ekitaldi gehienetan parte-hartze handia egon zen. Batez ere, hasierako helburua bete dute, hain zuzen ere, kultur eta jatorri anitzeko herria dela gurea ikustarazi da, munduko askotariko lekuetatik etorritakoak, gainera, Euskal Herria anitz eta euskaldun baten alde egiteko gogoz.

Larunbat arratsaldean burutu zen 11Danbor Martxak gure jatorriak eta kulturak anitzak eta zabalak direla azalarazi zuen, eta, horrekin batera, denok eskubide berak, betebehar berak eta aukera berak izateko aldarrikapen ozena egin zen.

Bestalde, 11Kolore 11Zapore ekimenak hiru mila pintxo baino gehiago saldu zituen eta ehunka lagunek gozatu zuten igandean Konstituzio Plazan, Erregio Etxeek antolatutako folklore ikuskizunekin eta dastapen gastronomikoekin.

Horrenbestez, aurreko asteburuan jatorri ugariko komunitateak elkartu gara, elkarlanean aritu gara eta gure kulturaz gozatu dugu, musikaren, danborren, dantzaren eta gastronomiaren bidez. Hori guztia gauzatu ahal izan dugu era eskuzabalean antolaketan lan egin duten guztien eta berezi ondorengo hauen laguntzari esker: Donostiako Piratak eta Burubeltz konpartsa; Alde Zaharreko tabernariak; danborradak, batukadak eta perkusio taldeak; dantza, musika, antzerkia eta folklore taldeak; jatorri ezberdineko elkarteak eta bestelako banako borondatezkoak. Horregatik, EH 11 Kolorek eskerrak eman nahi dizkie hauei guztiei.

Laster hasiko da EH 11 Kolore Donostiako 11Kolore Fest 2015 edizioa antolatzen, bereziki, are indartsuagoa, alaiagoa eta parte hartzaileagoa izan dadin.

ESKERRIK ASKO!