Abian gara
EH 11 Koloreren eta Gipuzkoako Erregio Etxeen jaiek bat egingo dute Aniztasunaren Aldeko Asteburu handi batean
2014ko maiatzaren 16
Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean egingo da 11Kolore Fest, aniztasuna aldarrikatuko duen asteburuak.
Iaz, 11Danbor Martxa ospatu zen lehen aldiz Donostiako kaleetan, gure herrian bizi den kultur eta jatorri aniztasuna ikusarazi eta aldarrikatzeko. EH 11 Kolorek deitua, mobilizazio hark arrakasta handia lortu zuen eta bertan Euskal Herriko bazter guztietatik heldutako kolore eta jatorri anitzetako perkusio talde askok parte hartu zuten.
Iazko harrera ona ikusirik, aurten ere berriz ospatuko da 11Danbor Martxa Donostiako kaleetan -maiatzaren 31n- baina ez da soilik horretan geratuko. Egitaraua zabaldu eta asteburu osoan zehar luzatuko da. Donostia 2016ren babesarekin, kontzertuak, antzerkia, folklore dantzak eta gastronomia ere izango dira. Horretarako, EH 11 Kolorek eta Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioak batu egingo dituzte beren festak. Egitaraua indartzeko, Donostiako Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu ostiralerako, maiatzaren 30erako.
Pasa den asteartean, Donostia 2016ko egoitzan egin zen aurkezpenean, jaialdi honen antolatzaile, babesle eta laguntzaile diren erakunde eta elkarte guztien ordezkariak egon ziren: EH 11 Kolore, Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioa, Donostia 2016, Donostiako Udala, Alde Zaharreko ostalariak eta Donostiako Piratak.
11Kolore Fest-an ez da faltako iaz sekulako arrakasta izan zuen 11Pintxo 11Zapore ekimen gastronomikoa. Larunbatean eta igandean zehar, Alde Zaharreko hamaika tabernetan beste jatorrietako sukaldaritzan oinarritutako eta propio sortutako pintxo bereziak eskainiko dira prezio herrikoietan. Ekimen honetan parte hartu duten sukaldariek aurkeztu dituzte gaur goizean Donostia 2016ko egoitzan sortutako mokadu bereziak.
Egitaraua
Maiatzaren 31n, larunbata, egitaraua Sardina Freskue haurrentzako antzezlanarekin hasiko da Eidabe Ekimen Kulturalak ekoiztutako obra hau Boulevardean antzeztuko da.
Arratsaldean, bigarren urtez 11Danbor Martxa burutuko da. “Armairutik danborra atera eta Martxara etortzera animatzen dugu mundu guztia. Euskal Herriko herritar guztien, eskubideen, betebeharren eta aukeren berdintasuna defendatuko bait dugu hauen jatorria edozein dela ere” esan zuen Xabier Mendiguren Bereziartu EH 11 Koloreko bozeramaileak.
17:30etarako dago deituta 11 Danbor Martxa, Alderdi Ederren. Txupinazoa jaurti ostean, Oreka TX taldeak iaz propio sortutako Atanbora kantua joko dute elkarrekin partaide guztiek. Aurten, Javier Suarezek botako du txupinazoa, Donostiako Errioxako Etxearen izenean. EH 11 Kolorek omenaldi txiki bat egin nahi dio Gipuzkoako Erregio etxe zaharrenari, aurten 100 urte bete bait ditu. 100 urte kultura eta aniztasuna ekarriz gurera.
Donostiako Piraten Burubeltz konpartsak animatuko du 11Danbor Martxa eta, erdiguneko kaleak zeharkatu ondoren, Alderdi Ederren amaituko da. Lekeitioko Deabruen suzko ikuskizunarekin.
Egitarauak Konstituzio Plazan jarraituko du, 20:30etan Lasarte Oriako Semblante Andaluz eta Tik-Tara talde zarauztarraren musika eusko kubatarrekin.
Aniztasunaren Asteburua igandera luzatuko da, Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioak antolatu duen jaiarekin. Errioxako, Gaztelako, Andaluziako, Extemadurako, Aragoiko eta Galiziako hainbat folklore talde abiatuko dira goizeko 10:00etan Alderdi-Ederretik Konstituzio Plazara. Bertan emanaldiak egingo dituzte 11:30 eta 14:30 bitartean eta 18:00 eta 21:00 bitartean.
Egun osoan zehar zortzi txosna egongo dira zabalik, eta bertan jatorri ezberdinetako produktu gastronomikoak salduko dira, prezio herrikoiean.
Bestetik, Donostiako Udalak hainbat kultur ekitaldi eta haurrentzako tailer prestatu ditu ostiralerako (maiatzak 30). Easo Plazan izango dira, 17:30etatik 21:00era.