Abian gara
Nafarroan egin dugu aurkezpena
2013ko abenduaren 2
Gaur goizean EH 11 Kolore herri ekimenaren aurkezpen ofiziala burutu da Nafarroan. Iruñeko Hizkuntza Eskolan burututako hitzorduan, Xabier Mendiguren Bereziartu euskaltzaleak eta EH 11 Koloreko Nafarroako Leire Olza ordezkariak parte hartu dute.
Mendigurenek azaldu duen bezala, jatorri eta kultur aniztasunaren aldeko mugimendua aurkezteko data ez da besterik gabe hautatu. Izan ere, gaur Euskararen Nazioarteko Egunaren, San Frantzisko Xabierren eta Nafarroaren Egunaren bezpera baita. "Frantzisko Xabierkoarekin irten zen euskara mundura, eta irteten jarraitu zuen garai guztietako arrantzale, merkatari, emigrante eta bidaiariekin. EH 11 Kolore pozarren dago, ez soilik euskarak munduratzen jarraitzen duelako, baizik eta gaur egun mundua bera delako euskarara datorrena ere. Gaur egun, gure ikastola eta D ereduko eskoletako haurrak zein euskaltegietako ikasleak Euskal Herrikoak dira, Ekuador, Ukrania, Txile, Galizia, Maroko, Senegal edo Andaluziakoak dira. Euskal Herria mila koloredun herria da gaur egun, eta euskara, lingua navarroruma ere, mila koloredun hizkuntza da egun".