Abian gara
Udalbitzarekin hitzarmen bat sinatu dugu 'Euskal Herri anitzarentzat Adostasunak' garatzeko
2014ko maiatzaren 7
Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak lankidetzarako hitzarmen bat sinatu du EH 11 Kolore elkartearekin, eta horren bidez diru-laguntza bat emango dio ‘Euskal Herri anitzarentzat adostasunak’ izeneko ekimena garatzeko. Horrez gain, Udalbiltzako adituen sarean parte hartuko du elkarteak, udal eta udal hautetsien biltzarrari aholku emanez ‘Euskal Herritartasuna’ lan-ildoaren gainean.
Xabier Mendiguren eta Xosé Estévez EH 11 Kolore-ko bozeramaileek eta Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak aurkeztu dute hitzarmena, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean emandako prentsaurreko batean.
Hitzarmena Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren ‘Euskal Herria Sendotzen’ programaren barrenean kokatzen da. Programa horren bidez, Udalbitzak akordio estrategikoak sinatzen ditu beste eragile nazional batzuekin.
EH 11 Kolore elkartearekin sinaturiko hitzarmena ‘Euskal Herria sendotzen’ programaren barrenean sinatu den zazpigarrena da. Aurreko seiak erakunde hauekin sinatu ditu: Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia), Topagunea (Euskara Elkarteen Federazioa), Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Hekimen (Euskal Hedabideen Behategia), Fiare – Banku Etikoa eta Herrikoa arrisku kapitaleko sozietatea.
Hitzarmena
- 2014. urtean EH 11 Kolorek ‘Euskal Herri anitzarentzat adostasunak’ izeneko ekimena jarri du abian. Udalbiltzak, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren bidez, 8.000 euroko diru-laguntza emango du 2014. urtean proiektu hori finantzatzeko.
- EH 11 Kolorek, bestetik, Udalbiltzako adituen sarean parte hartuko du, udal eta udal hautetsien biltzarrari aholku emanez ‘Euskal Herritartasuna’ lan-ildoaren gainean.
Lankidetza hitzarmen hau 2014. urtean garatuko da, eta oinarri batzuk eskainiko ditu kultur aniztasuna gure herrian kudeatzeko moduari buruzko eztabaida bat irekitzeko. Helburua da eztabaida hori kalera eramatea, ikastetxe eta erakundeetara, herri mugimenduetara, eta, oro har, Euskal Herriko jendartera, bakoitzaren jatorria zein den kontuan hartu gabe. Horrez gainera, Udalbiltzak ‘Euskal herritartasuna’ izeneko lan-ildoan txertatuko ditu EH 11 Kolore elkarteak bultzatutako eztabaidaren ondorioz eragile politiko, sindikal eta sozialen artean sortutako adostasunak.