Artikulu bilatzaile
Begiradak
Parte hartzeko eta eztabaidatzeko gunea. EH11Kolorek ez du zertan egilearen iritzi berekoa izan.
Are gutxiago
2014ko ekainaren 12
Jendea igerileku publikoetara —uretara— kale jantziaz ezin sartuak ez dit min egin. Normala deritzot. Hitzaren zentzurik etimologikoenean: arautegian hala da. Kale jantziaz sartu ahal izatea ere ulertuko nuke. Salbuespenak egotea. Larrua oso fina dutenak, eguzkiak besteei baino kalte handiagoa egiten dienak uretara kamiseta batekin uretara sartzen ikusi izan ditut inoiz.
Gasteizko alkateak nola esan duen bai eman dit mina: «Arauak dio ezin dela kaleko arroparekin igerilekuetara sartu; are gutxiago beloarekin». Antza, emakumeren bat hala sartu da uretara.
Lehenik eta behin, igerilekuaren zaindarien lana da hori. Ez zegoen alkate jaunak ozen aldarrikatzeko beharrik. Jauzirik ere ezin da egin igerilekuetan: «Alkatetza honetatik ez dugu onartuko jendeak uretara bonba estiloan jauzi egin dezan, are gutxiago lodiek».
«Are gutxiago» hori da mingarria. Iraingarria. Debekatuta dagoena are-gutxiagorik gabe dago debekatuta. Gainerako guztia populismoa da, arrazismoa, bazterkeria, ahotsa goratuz gutxiengoa seinalatu nahia, eskuindar hautesleriari keinu egitea, egon badagoen ultraeskuindar hautesleria hori —Sestaoko alkatearen babesleekin ikusi dugunez—, horrelako are-gutxiagoak maite eta behar dituena.