Artikulu bilatzaile

Begiradak

Parte hartzeko eta eztabaidatzeko gunea. EH11Kolorek ez du zertan egilearen iritzi berekoa izan.

arantza_santesteban

Zaharraren eta berriaren arteko parentesi zabal eta konplexuan bizi garelarik, imajina dezagun une batez. Aurrez aurre elkarrekin hizketan, 40ko hamarkadan baserritik hirira familia aberatsak zerbitzatzera joan zen «neskame» izandakoa eta gaur egun Senegaletik emakume hau bera zaintzera etorri den emakume beltza.

«BESTEA»

2013ko urriaren 15

Autor: Arantza Santiesteban, historialaria

Enviado por: GARA egunkarian argitaratua

Zaharraren eta berriaren arteko parentesi zabal eta konplexuan bizi garelarik, imajina dezagun une batez. Aurrez aurre elkarrekin hizketan, 40ko hamarkadan baserritik hirira familia aberatsak zerbitzatzera joan zen «neskame» izandakoa eta gaur egun Senegaletik emakume hau bera zaintzera etorri den emakume beltza.

Baserrian jaio eta hirian hazitako emakumeak lehenik Beltza aurkituko luke. Gero Emakumea, eta horrekin batera Langile pobrea. Senegaleko emakumeak zer ikusiko lukeen zaila da asmatzea, zuritasuna gailenduko litzaioke akaso, edota soldata ordaintzen dion Emakume Zuri Ahalguztiduna. Edonola ere, batak eta besteak «bestea» ikusiko lukete aurrean. Bestea, eta «besteak» sortzen duen ezinegona.

Aipatu dinamika abian jarri zen hainbat feministaren eskutik Euskal Herriko herriren batean eta emaitza bereziki emankorra izan zen. «Bestea»-rekin eseri ondoren azaleratzen direlako elkarren artean egon daitezkeen parekotasunak –ezberdintasunak ere bai–. «Neskame» izandakoak oraingo «neskame beltzarengan» errekonozitu zuen bere burua, eta emakume izateagatik egindako ugalketa lan erreproduktiboaren bizipenean ere bai. Belztasunean edo zuritasunean, ordea, etnikoki zeuden ezberdintasunak mahai gaineratu ziren. Arrazarenak edo etniarenak ezinegona sortzen duen diferentzia izaten jarraitzen duelako.

“Otras inapropiables” liburuaren hitzaurre paregabea gogoratu zait pasadizo honen kontura. Bertan Madrileko Eskalera Karakola talde feministako kideek azaltzen dute Espainiako Erreinuko proiektu ideologikoan nola indartu den historikoki arraza zuri eta katolikoaren ideia. XV. mendetik hona inguratzen gaituen geografia politikoan –espainiarra eta Mendebaldekoa– arraza bakarraren ideia juduak eta «mairuak» kanporatzearekin indartuz joan zen. Ondoren konbertsoen jazarpena eta odolaren purutasuna eta fede katolikoa lotzen zituen ideologiaren hedapena iritsi ziren. Modernitatean kolonialismoaren hedapena eman zelarik, Amerikaren asmakuntza politikoa etorriko zen. Horrek Mendebaldeko imajinario politikoan arrazaren kategoria finkatuko zuen gaur arte, jendarte zibilizatuen eta «zibilizatu gabekoen» arteko muga zehaztuz. Dominazio hauen guztien gainean eraiki da arraza batzuen gailentzea, eta arraza zuri hegemonikoaren finkatzea.

Euskal Herrira ere iritsi zaizkigu mekanismo ideologiko honen zantzuak. Esaterako, sabinismoaren oinarriak, arrazan kokatu zuen proiektu nazionalaren zilegitasuna. Nahiz eta, praktikan, Sarrionandiari irakurri diogunez, Bartzelonako anarkistekin batera Rifeko kolonizazioaren aurka eta Espainiaren beste kolonien aurka gogor jardun zuen.

Arrazarena «batzuk» eta «besteak» urruntzen dituen kategoria izanik, elkarren arteko ulermena eta aliantzak zailduz joan da, eta hartara ulertzen da «besteek» –beltzak, mairuak, ijitoak, etorkinak…– oraindik ere ezinegona eta kontrakotasuna sortzea. Edonola ere, eta Bhavnani, Brah eta beste autore batzuek iradokitzen duten bezala, ez ginateke «bestearengana» paternalismoz hurbildu behar, esentzialismoa eta erlatibismoa kortozirkuitatuko duten aliantza transnazionalak ezartzea da esku artean dugun erronkaren dimentsioa.