Artikulu bilatzaile
Begiradak
Parte hartzeko eta eztabaidatzeko gunea. EH11Kolorek ez du zertan egilearen iritzi berekoa izan.
Feminismoa sorterritik zekarrela etorri zen Euskal Herrira, eta borroka horretan jarraitzen du egun, emakume etorkinen alde eginez, bereziki. Hala ere, "eskuinaren erasoak" andre guztiei eragiten diela uste du, eta Europako hauteskundeak giltzarri izango direla abortu eskubidearen gisako auziak erabakitzeko.
Silvia Carrizo: «Emakumeentzat ahalduntze prozesu oso garrantzitsua da migrazioa»
2014ko maiatzaren 19
Argentinan, Caleta Oliviara 27 kilometro dioen kartela ikustean, etxean dagoela sentitzen du Silvia Carrizok (1965). "Baina, hemen, autobidean noala tunelera sartu aurretik Gipuzkoa dioen kartel berdea ikustean, gauza bera pentsatzen dut". Hamahiru urteotan erabat murgildu da Euskal Herriko errealitatean eta hura eraldatzeko lanean; andreen egoera hobetzeko, zehazki, eta etorkinei laguntzeko, bereziki.
Duela hamahiru urte utzi zenuen sorterria Euskal Herrira etortzeko. Zerk bultzatu zintuen horretara?
Beste asko bezala, gu XX. mendeko Argentinako krisiaren harira etorri ginen hona. Hori erabakigarria izan zen.
Zein izan zen zure lehen irudipena hona iristean?
Ezagutzen ez nuen herri bat topatu nuen. Handik ateratzean, Espainiara zoazela uste duzu, baina iristean jabetzen zara Euskal Herrira iritsi zarela; ez nekien euskara ere bazenik, hau herri bat zenik... Lehen irudipena ona izan zen. Migratu duten beste emakume batzuen aldean, ni familiarekin etorri nintzen; lehenik senarra etorri zen, euskal jatorrikoa eta hemen familia handikoa, eta gero alaba eta biok; beraz, normalean gertatzen ez den bezala batu zen familia. Gainera, familia izatea bera oso ezberdina da, ez baitzaude bakarrik: sare bat daukazu.
Pentsatzen dut migrazio prozesu bakoitza pertsonala eta ezberdina dela, baina zer partekatzen dute beste herrialde batera joateko sorterria uzten duten emakumeek?
Funtsean, deserrotzea partekatzen duzu. Ahalduntze prozesu oso garrantzitsua da, batez ere bakarrik abiatzen duten emakumeentzat: ozeano bat gurutzatzera ausartzen dira, poltsikoan 300 edo 500 euro dituztela; horixe da dakarten bakarra. Ezagutzen ez duten leku batera datoz, eta hurrengo egunean etxe batean sartzen dira lanera; gogorra da. Guk asko lantzen dugu gai hori, ikusgarri egin behar delako emakume horien ekintzailetasuna, gero ez baitute baloratzen zerbait garrantzitsua balitz bezala: "Ozeano bat zeharkatzeko gai izan bazara, ezerk ez zaitu geldiaraziko; ezer ezin da izan okerragoa beste mundu batera bakarrik etortzea baino!". Horregatik, emakumeentzat ahalduntze prozesu oso garrantzitsua da migrazioa, hortik aurrera haren rola aldatu egiten baita familian, komunitatean: gauza askoren inguruan erabakiak hartzen hasten da, hark eusten dio familia osoari lanarekin... Eta, gainera, ikusten du posible direla beste harreman mota batzuk, posible dela indarkeriaren aurka borroka egitea. Orain ikusten ari garenez, krisiarekin, lanik ez eduki eta itzultzea pentsatzean, emakumeek ez dute lana soilik izugarri baloratzen; askatasuna ere bai. Denok ezagutzen dugu Honduras edo Nikaraguako errealitatea, eta herrialde horietakoek asko baloratzen dute kalera atera ahal izatea, beldurrik gabe itzuli ahal izatea...
2003. urtean sortu zenuten Malen etxea. Uste dut etxe bat baino zerbait gehiago dela...
Bai [barrez]. Malen etxea sortu genuenean, guretzat salbazio oholtza baten modukoa izan zen; hori izan zen topatu genuen espazioa egoera berrian kokatzeko, ulertzeko gauzak nola aldatu ziren... Zeren egia da hegazkinetik jaistean galdu egiten duzula profesionalki zenuen hori guztia, zure ezagutzak eta abar; hegaldian, alkimia moduko bat gertatzen da [barrez], eta jaistean dena galdu duzu, ez duzu ezer zeure burua aurkezteko. Egoera hori bortitza da, bere herrian profesionala den emakume batentzat ez baita erraza hona iritsi eta inork ez galdetzea zer egiten dakien. Hemen ipurdiak garbitzea da errealitatea, eta zeure burua berriro kokatu behar duzu. Geure burua ulertzeko sortu genuen Malen etxea, eta, hortik aurrera, lagun askorentzat izan da eta da baliagarria. Aterpetxe bat zabaldu dugu hamar urteotan; oso apala da, baina oso harro gaude, egitekoa betetzen baitu.
Han pena eta poza partekatuko dituzue... Zer izaten da gehiago?
Poza! Guk diogun bezala, merke dibertitzen gara gu! [barrez]
Pentsatzen dut lana izango dela Malen etxeko mintzagai nagusietako bat. Gaur egun, emakume etorkinek zein egoeratan lan egiten dute Euskal Herrian?
Oso baldintza txarretan. Atzerakada bat gertatu da baldintzetan, soldatetan... Lehen errazagoa zen bizileku txartelik ez zuen emakume batek lana topatzea, eta egun oso zaila du, eta, topatzen duenean, geuk duela hamar urte genituenetan baino askoz ere baldintza okerragoetan izaten da. Zergatik? Hainbat faktorek bat egin dute: krisiak, bertako emakumeen langabezia egoerak, haiek zaintza lanetara itzultzeak... Lege aldaketek kontratazioari ere eragin diote, eta txartelik ez duten andreak are egoera zail eta ahulagoan daude.
Las manos que mueven el mundo zure lanean salatzen duzu emakumeei tradizionalki ezarri zaizkien lanak berberak direla oraindik ere, baina eskuz aldatu direla...
Hori da. Ardurak partekatze famatu hori hemen... Ez dago gizonaren parte hartzerik etxeko eta zaintza lanetan; agian belaunaldi gazteagoetan bai, baina, egun, oraindik emakumeak bateratzen ditu lan mundua eta familia, eta, beraz, etxean konpontzen ez den tentsio hori ahal duenak kanpora atera eta beste norbait kontratatuko du hori egiteko. Zaintza lanak egiten dituenaren generoa ez da aldatu.
Kasu honetan, lehenago, erdiko klaseko hemengo emakumeek egiten zituzten lanok; orain, ordea, kanpotik datozen eta, normalean, klase apalagokoak diren emakumeek egiten dituzte.
Hori da. Kontratupeko zaintza lana beti egokitu izan zaio emakume txiroari. Globalizazioarekin eta pertsonak munduan mugitzeko aukerarekin, lan hau kanpotik dator. Egia da egun erabat ezberdina dela, ez dela hamar urteko errealitate bera. Nire ustez, orain hemengo geure gizarteetan dago arazoa, Euskal Herrian, zaintza lanak berriro egokitu baitzaizkio Euskal Herriko emakume txiroari. Lantokian postua galdu duena berriro lehiatu da atariak garbitzeko, garbiketa orduengatik... Lan bakarra dago hemengo emakumeek egiten ez dutena: etxeko lanak egin eta bertan lo egitea; ia erabat, langile atzerritarrek betetzen dute hori.
Eta, aldaketa horiekin, nabaritu al da emakume etorkinen lan baldintzak kaskartu egin direla?
Bai, batez ere bizileku txartelik ez duten emakumeenak, bai.
Ikusezin bihurtutako lanak, sozialki balioa kendu zaienak izaten direla salatu izan duzu. Hori izan liteke lehen erronka, lan hori ikusgarri egitea?
Bai, eta, horretan, hor dago mugimendu feministaren, ekonomialari feministen bultzada, urteotan lan egin baitute zaintza lanak ikusgarri egiteko eta duten balioa emateko. Hori, noizbait, langileen baldintzen mesederako izango da, ezin baitugu hitz egin zaintza lanen garrantziaz langileak kontuan izan gabe. Noizbait, logikoki, atzera baloratu beharko dira. Baina errealitatea da gaur egun ere gutxietsia, ikusezina eta balioa kendu zaion lan bat dela, etxe barruan bizi den langilearena bereziki; haren lana are ikusezinagoa da, eta, baldintza duinak dauden modu berean, badira erabatekoneoesklabotza baldintzak ere.
Berrian irakurri. elkarrizketa osoa.