Berriak
Euskal Herriko biztanleriaren %28,5 bere lurraldetik kanpo jaiotakoa da
2014ko martxoaren 15
Euskal Herria immigrazio-mugimenduen ohiko hartzaile izan da historian zehar. Datuak ikustea besterik ez dago. Euskal Herriko biztanleriaren %28,5 bere lurraldetik kanpo jaiotakoa da (INE, 2011; INSEE, 2010). Iparralde (%42,6) eta Araba (%33,6) dira lurralde hartzaile nagusiak: Gipuzkoa (%22,6) eta Nafarroa Garaia (%26,5) proportzio baxuena dutenak.
Gaindegiak egin duen azterketaren arabera, Europako testuinguruarekin alderatuta, herrialdetik kanpoan jaio diren biztanle proportzioa altua da Euskal Herrian.Luxemburgek (%40,9) baino ez du tasa handiagoa; beste herrialdeek, ordea, dezente baxuagoa dute: Alemania (%13,1), Danimarka (%7,9), Espainiako Erresuma (%14,6), Frantzia (%11,6) edo Finlandia (%4,9) (OECD, 2011). Suitzan baino ez dugu antzeko maila aurkitzen (%27,3). Haatik,Katalunian, printzerritik (Principat) kanpo jaiotako pertsonen tasa %36,4koa da (INE, 2011).
Mugimendu horien eragina desberdina izan da lurraldearen arabera. Alde batetik, Zuberoak azken lau hamarkadetan, milurteko berria hasi bitartean, biztanle asko galdu du. Aitzitik, Lapurdi, Nafarroa Garaia edo Araban guztiz kontrakoa gertatu da, nahiz eta kasu bakoitzean berezko berezitasun batzuk nabarmentzen diren
Immigrazioari buruzko datu horiek eta beste asko Ikuspegi Immigrazio Behatokiak 2013 urtekarian kontsulta daitezke, aste honetan kaleratu berri dena.
Gaindegiak txostenean parte hartu du, Immigrazioa Euskal Herrian, hurbilketa kuantitatibo eta lurraldekoa analisia eginez (215. orritik 228.ra).