Berriak
Aniztasunaren gune bihurtuko da Donostiako Bulebarra aste honetan
2013ko abenduaren 10
Gipuzkoako Foru Aldundiak Aniztasunaldia izeneko ekimena egingo du abenduaren 13an eta 14an Donostiako Bulebarrean, Euskal Herriko aniztasunaz eta haren kudeaketaz gogoeta egiteko eta gogoeta hori festa bihurtzeko. Bi karpa jarriko dira Bulebarrean, eta egun osoz ekitaldi sorta zabala izango da. Foru Aldundiaz gain, erakunde honek berak sustatutako “Jatorri anitz, herri bat” izeneko dinamika parte hartzailean ari diren 40 eragile sozialek ere bultzatu dute ekimena; ekimena gaur eguerdian aurkeztu da Foru Aldundiaren jauregian, eta, eragileen ordezkari, Euskal Herrian Euskaraz, LAB, Banaiz Bagara, Bai Euskal Herriari, Jatorkin eta Bidez Bide elkarteak izan dira bertan.
Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritzak sustatuta, Gipuzkoako Foru Aldundia “Jatorri anitz, herri bat” dinamika egiten ari da eragile sozialekin. Helburua Gipuzkoako jatorri, kultur edo hizkuntz aniztasunaz –nortasun aniztasunaz, finean- gogoeta egitea eta erabakiak hartzea da; aniztasun hori kohesio sozialerako elementu bihur dadin, alegia. “Aniztasuna modu positiboan ulertzen dugu, eta kohesio elementu bihurtu nahi dugu. Argi diogu: Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiak dira euskal herritarrak, denon artean eraikiko dugu herri hau, eta denon eskubideak bermatu behar dira, edozein dela ere gure jatorria”, adierazi du Marcos Nanclares Migrazio eta Aniztasun zuzendariak.
Bulebarreko karpek egitarau zabala eskainiko dute. Bi izango dira osagai nagusiak: gogoeta eta festa. Gogoetari dagokionez, ostiral goizean, eragile sozialetako ordezkariek, udal hautetsi eta teknikariek eta parte hartu nahi duten herritar guztiek world-kafea egingo dute, Juanba Berasategi zinegileak zuzendutako “Gu, jatorri anitz, herri bat” dokumentala abiapuntu hartuta. Horrez gain, eztabaidak izango dira bi egunetan Euskal Herriko egoera linguistikoaz, hezkuntzaz edota bizileku aitortza administratiboaz. Jon Maia bertsolariak, bestalde, “De la emigración al bertsolarismo” hitzaldia eskainiko du. Festak ere garrantzi handia hartuko du: bertso-hop eta break dance saioa, bakarrizketak eta Esne Beltza Sound System-en kontzertua izango dira, esaterako. Eta haurrek beren karpa izango dute, non hainbat jarduera eta tailer izango dituzten. “Egitarau oparo eta erakargarria osatu dugula uste dut”, adierazi du Adama Piarra Banaiz Bagarako ordezkariak.