Berriak

badu_bada

"Badu bada, euskara mundu eleanitzean" erakusketa Bilbora heldu da

2014ko martxoaren 8

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Kultura eta Hezkuntza Sailak ‘badu, bada. Euskara mundu eleanitzean' aurkeztu dute AlhóndigaBilbaon; San Telmo Museoak gauzatutako erakusketa honek Etxepare Institutuaren lankidetza du eta Joxean Muñoz dauka komisario lanetan.

Erakusketa hau hizkuntzen arteko elkarbizitzari buruzko eztabaida eta hausnarketarako gunea da, mundu kultural eta linguistikoki anitzago baterako ekarpen gisa. ‘Euskararen benetako misterioa ez da bere jatorria, iraupena baizik', idatzi zuen koldo Mitxelenak. Misterio hori da erakusketa honen ardatza. Euskara kasu praktiko gisa aztertzean, eleaniztasunari eta komunitate bereko hizkuntzen arteko biziraupenari buruzko zalantza handiak planteatzen dira.

'badu, bada' erakusketak AlhóndigaBilbaon izango duen espazioan, hainbat esparruri lotutako jarduerak gauzatuko dira: zientzia eta teknologia, arte biziak, sorkuntza literiarioa, gazteak, hiri-espazioa, hizkuntza bateko dialektoen arteko eta hizkuntza horren eta beste batzuen arteko elkarbizitza...

'badu, bada' erakusketan, hitz egin, idatzi, iritzia eman, kritikatu... daiteke. Argazkiak egin, eta bideoak grabatu, bidali eta partekatu daitezke. Erakusketa hau publikoaren ekarpenekin aberasten da.

Erakusketa hamar ataletan egituratzen da, Jarduera Osagarrien Zentroko 1. eta 2. solairuetan. Bertan, hizkuntzen intonazio eta azentuak entzun, braille edo zeinu-hizkuntzaren kodeak ikasi, eta hizkuntzek munduan duten banaketa ikasi ahal izango da.

Erakusketaren zati garrantzitsua euskararen iraupena da, hiztunen, jokoaren, antzerkiaren eta literaturaren bitartez.

Ibilbidea euskal kulturan buru-belarri sartzeko gonbidapenarekin amaituko da.www.badubada.com webgunean jarraituko du; bertan, ‘badubadeatzen' jarraitu ahal izango dugu, baita euskararen inguruko bizipen pertsonalak, sentimentuak eta iritziak publiko egiten ere.