Berriak
"Bigarren hizkuntza lantokian" tailerra antolatu dute Donostian
2014ko urtarrilaren 17
Azken hamar urteotan lan munduan gertatu diren aldaketek, lantokiko komunikazio-beharretan eta hizkuntza gaitasunean eragin al dute? Europako Kontseiluak sustatutako proiektuen bitartez, gai hori aztertzen eta lantzen ari da aspalditik Matilde Grünhage-Monetti– lantokiko trebakuntzan –Workplace Learning- aditua den alemaniar-italiarra.
Horrela bada, lanean ari diren pertsonei, bereziki migratzaileei, aukera-berdintasuna bermatzen zaie hizkuntza-gaitasunaren hobekuntzaren bidez. Era berean, komunikazio-hobekuntzaren bitartez, enpresaren edo instituzioaren emaitzak hobetzea ahalbidetzen da. Horrenbestez, proiektu honen berrikuntza nagusietako bat da lanaren bitartez lantokian bertan ikasi ahal izatea, pertsonen gaitasuna eta benetako beharrak abiapuntutzat hartuz.
Datorren urtarrilaren 24an, Matilde Grünhage-Monettiren esperientziak eta metodologia ezagutzeko aukera izango dugu, Banaiz Bagara Elkarteak eta Nazaret Zentroak Donostian (Kutxazabalen) antolatutako mintegian. Bertan, dinamika parte-hartzaile baten bitartez tresna horiek gure egoerara nola egokitu ditzakegun aztertu ahal izango dugu.
Odysseus eta Language for Work
Europako Kontseiluak sustatutako Odysseus eta Language for Work proiektuak duela 15 urte jaio ziren, lantokian bigarren hizkuntza bat erabili behar duten langileen gaitasunak hobetzeko. Lan-ibilbidean zehar langileek lantokian -enpresetan zein erakundeetan- beraien potentzial osoa erabili ahal izateko, hizkuntza-gaitasuna oztopo bihurtu gabe.
Proiektuen bilakaeran laster ikusi zen, lantokietan eta lan-prozesuetan gertatzen diren aldaketa post-fordistek gero eta komunikazio gaitasun handiagoa eskatzen diotela langile guztiei, ez bakarrik migratzaileei edo lantokian bigarren hizkuntza bat hitz egiten dutenei. Lan harremanetan, oro har, komunikazioak gero eta zehatzagoa, dinamikoagoa, emankorragoa edo enpatikoagoa izan behar du lankide, bezero eta arduradunekin.
Komunikazio-gaitasunak hizkuntzarekin lotuta daude. Proiektu horiek, hala ere, ez dutehizkuntza ikastea proposatzen, baizik eta komunikazio egoera jakin batzuetarako hizkuntza-gaitasunak bereganatzea. Horren abiapuntua langileak beraiek dira, langileak baitira, laneko komunikazio-beharrak edo hutsuneak hoberen ezagutzen dituztenak. Jakintza horren azterketatik abiatuz, enpresarentzat ere oso interesgarria da, lantokia ikastoki bihurtzea eta langileei behar dituzten hizkuntzen zein komunikazio-tresnen trebakuntza ematea. Ikuspegi hori aintzat harturik, laneko hobekuntza-prozesuak etengabekoak dira, eta horrekin batera komunikazio-prozesuak eta hizkuntza-beharrak.
Proiektu honetan parte hartzen duten Europako herrialdeetako errealitateak anitzak izanik – sozio-ekonomiari dagokionez, hizkuntza-egoerari dagokionez, ikasketa-mailari dagokionez, etab. – ezinezkoa da eskema bera errealitate guztietara aplikatzea, baina posiblea da bide berriei ateak zabalduko dizkieten egokitzapen eta elkartruke-prozesuak aztertzea.
Gureari begira, lantokietan eta bestelako lan egoeretan lan hizkuntza edo hizkuntzen erabileraren inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu. Euskara Planak dira seguruenik, gurean, enpresa eta erakundeen komunikazio eta hizkuntza egoera gehien lantzen dituzten tresnak. Hala ere, nola barneratu langile migratzaileen hizkuntza-beharrak euskara planetan? Zer behar du langile erdaldun batek, euskaraz funtzionatzen duen enpresa batean sartzeko? Euskaltegia al da beti erantzunik egokiena? Irakaskuntza akademikoaz gain, ba al da behar funtzionalei erantzuna emateko trebakuntzarik? Egokiak al dira Lanbide Heziketako ikasleen komunikazio-gaitasunak lan-merkatuaren eskaeretarako? Lanerako trebakuntzan, hizkuntzak ikasgai bihurtu behar al dira? Nola bihurtu ikastoki lantokia? Ba al da horren inguruko esperientziarik gurean eta Europako gainerako herrialdetan?