Berriak

goazentxinara1_1

Orain arte bultzatu duten Euskal Herritik Txinarako bidaiaren itzulerako ibilbidea burutu nahi dute, Txinako artea Euskal Herrira ekarriz.

Euskal artistentzako Txinan erresidentzi programarako deialdia zabaldu dute

2013ko urtarrilaren 10

Pekingo MA Studio-k  Etxepare Euskal Institutuaren eta EHUren laguntzaz sustatzen duten Goazen Txinara!  euskal artistentzako erresidentzi programaren 2013ko deialdia zabalik dago: egitasmoari esker, aurten ere bi euskal artista Txinara joango dira lanera. 2012. urtean egindakoaren berri ere eman du Judas Arrieta proiektuaren sustatzaileak, Koldo Almandoz artistaren laguntzaz.

Artista euskaldunen lana Txina aldean sustazea helburu duen egitasmo honen bosgarren edizioa izango da aurtengoa.  Judas Arrieta MA Studioko zuzendariak adierazi duenez, lehen lau urtetan 12 euskal artista hartu ditu programak, eta, erresidentzia egitasmoan esku hartzearekin batera, 23 kultur ekintza ezberdinetan partaide izateko aukera ere eskaini die.

2013rako deialdia zabalik dago dagoeneko; eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 30ean amaituko da. Argibide osoa MA Studioko web gunean jaso dute.

“Proiektua sortu zenean amets bat izan zen. Gauza batzuk egi bihurtu dira eta beste batzuk bidean geratu dira; oraindik ere ametsa izaten jarraitzen du”, esan du Arrietak, Etxepare Institutoko webguneak informatzen duenaren arabera. Erresidentzia programarekin jarraitzeaz gain 2013ko helburu berriak ere aipatu ditu: urteotan estudiotik pasa diren euskal artisten lanak Txinako hiri ezberdinetan erakustea eta orain arte bultzatu duten Euskal Herritik Txinarako bidaiaren itzulerako ibilbidea burutzea, Txinako artea Euskal Herrira ekarriz.

2012. urtean Goazen Txinara! programaren emaitzen berri ere eman dute aurkezpenean: Pekingo Cervantes Institutuan eta EGG Galleryn egindako erakusketak –azken hau estudio batek bertako galeria pribatu batean egin duen lehena-, eta Koldo Almandoz eta Ismael Iglesias 2012ko Goazen Txinara! erresidentzia programarako hautatutako artistek burutu zuten lana.

Han bizitakoa positiboa eta tarteka oso zaila izan zela adierazi du Koldo Almandozek.“Horrelako ekimen batean parte hartzeak esperientzia bat bizitzeko aukera eskaintzen dizu, eta ez da gutxi”. “Aurreiritziak kentzeko balio izan dit; arte eta kultura munduak sekulako mugimendua eta eztanda bizi dute Txinan”.

Ikus-entzunezko egitasmo batekin abiatu zen Almandoz Txinara, “Kung Fu eta Nouvelle Vague estiloaren arteko filme bat egitea zen asmoa”. Filmak hiru ardatz ezberdin izango ditu: Pekinen bertan gertatzen den kontakizun bat, Kung Fu generoko pelikula bat eta MA Studio eta Judas Arrietarekin lanean bizitutako esperientzia islatzen duen atala. Materiala bilduta, muntaia lanetan ari da orain.

Ismael Iglesiasen lanak, berriz, pintura du ardatz. Judas Arrietak azaldu duenez, Txinan geometriarekin lan egiten oso arte abstraktu gutxi ikusten delako hautatu zuten.