Berriak

14248596158_a9ab1692d9

Euskal jendartea anitza da eta ikuspegi irekia du ezaugarri horretaz

2015ko otsailaren 21

Autor: Gipuzkoako Foru Aldundia

Euskal Herri osoan azterketa egin du Aztikerrek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta

Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoarrek eta, oro har, euskal herritarrek kultura eta jatorri identitateez dituzten iritzi eta jarrerak aztertzea eskatu dio Aztiker soziologia ikerketa taldeari, errealitate hori ezagutzeko eta erakundeek, kudeaketa egokia egiteko, beste tresna bat izan dezaten. Inkestak 2013an egin ziren, eta azterlan soziologikoaren emaitza gaur eguerdian aurkeztu dute Asier Etxenike azterlanaren koordinatzaileak eta Itziar Pildain Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun zuzendariak. Euskal Herriko zazpi herrialdeetan aniztasunaz egindako lehen azterlan soziologikoa da honako hau.

Azterketaren arabera, euskal herritar gehienek, edonon jaioak direla ere, gogoko dute Euskal Herrian bizitzea. Hain zuzen ere, euskal herritarren % 89,7ak bertan bizitzen jarraitu nahi du. 
Ondorio nagusietako bat honako hau da: jatorriari dagokionez, Euskal Herriak oso jendarte anitza du. Datu bat, horren adierazgarri: guraso zein aiton-amonen jaioterriari erreparatuz gero, herritar gehienek (%52,6) dute Euskal Herritik kanpoko lekuren batekin harremana. Norberaren jaioterria soilik kontuan hartzen badugu, % 72,8 bertan jaioa da eta % 27,2 Euskal Herritik kanpora jaioa. Kanpoan jaiotakoen artean, jatorri nagusia Espainia da, eta ondoren datoz Ekuador, Kolonbia, Errumania eta Dominikar Errepublika. 

Jatorri ugaritako herritarren arteko elkarbizitzaren alorrean, nabaria da edozein jatorritako pertsonen arteko harreman gehiago dagoela aukeratutako espazioetan (lagunarteak, esaterako), berez emandako espazioetan (familiak) edo derrigorrezkoetan (lantokiak, eraikinak) baino. 
Zenbait jatorritako herritarrekiko sinpatia maila ere aztertu du lanak. Espaniar eta frantziar estatuetan, Europako Batasunean eta Latinoamerikan jaiotakoez ikuspegi positiboa dute euskal herritarrek; Europako ekialdekoen, txinatarren, errumaniarren eta marokoarren kasuan, ikuspegi negatiboa gailentzen da. Marokoar jatorria dutenei buruzko datuak esanguratsuak dira. Izan ere, Ipar Euskal Herrian haien presentzia aspaldikoa da eta sinpatia indizea positiboa da. Hego Euskal Herrian, aldiz, haiek dute sinpatia indizerik baxuena. Azterlanaren beste ondorioetako bat honako hau da, hain zuzen: jatorri ezberdinen arteko harremana zenbat eta estuagoa edo zaharragoa izan orduan eta altuagoak dira konfiantza eta sinpatia. Bestalde, migratzaileekiko sinpatia handien duten euskal herritarrak ondorengoak dira: ezkertiarrak, independentistak eta ikasketa maila altua dutenak.

Hizkuntza eta kultura aniztasunari dagokionez, euskal herritarren gehiengo nabarmen bat (% 93,2) eremu pribatuan nork bere kultura eta hizkuntza mantentzearen aldekoa da. Administrazioak kultura horiek guztiak bultzatu behar dituela uste du % 64,2ak ere. Babes horretan gehiago zehaztu ahala, jaitsi egiten da aldekotasuna, nahiz eta, oraindik ere, ikuspegi positiboak gailentzen diren: hezkuntza sistemak Euskal Herrian bizi diren kolektibo guztietako hizkuntza eta kulturen presentzia bermatu beharko lukeela dio % 56,3k.

Nortasun kolektiboak definitzen dituzten faktoreez galdetuta, euskal herritar gehienek uste dute identitate hori izateko gogoak duela garrantzi handien (1etik 10erako eskalan 7,5 puntu); norbere edo arbasoen jatorrizko kulturaren (musika, janaria…) garrantziari 7,2 puntu eman dizkiote; norbere edo arbasoen hizkuntzari 6,9 puntu, eta norbere edo arbasoen jaioterriari 6,7 puntu. Hau da, euskal herritar gehienek faktore nagusia borondatea dela dio. Nortasun kolektiboen alorrean ere aniztasun handia dago Euskal Herrian. Bi multzo nagusiak euskal herritar eta espainiar edo frantziar sentitzen direnak (% 33,2) eta soilik euskal herritar sentitzen direnak (% 28,6) dira. Beren burua soilik espainiar eta frantziar moduan ikusten dutenak % 10,6 dira. Nafarroan soilik nafar sentitzen direnen aukera nagusitzen da.  

Horrez gainera, herritarren % 86,9ak dio Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiek eskubide eta betebehar berak izan beharko lituzketela. Herritartasuna lortzeko baldintzei dagokienez, Euskal Herrian bizitzeak ( % 79,4) eta lan egiteak (% 74,7) dute adostasun handien, baita bertako herritar sentitzeak ere (% 71,2). Herritar gehienek (% 54,9) espainieraz edo frantsesez jakin behar dela ere badiote. Hemen jaio izateak (% 44,1), euskaraz jakiteak (% 38,9) eta arbasoak bertakoak izateak (% 33,1) dute adostasun txikiena.

Itziar Pildain Migrazio eta Aniztasun zuzendariak adierazi duenez, azterlan honek agerian uzten du Euskal Herria oso anitza dela herritarren jaioterriari, kulturari eta nortasun kolektiboei dagokienez eta horrek, ezinbestean, hemen bizi diren pertsona guztien arteko elkarbizitza adostera derrigortzen du.  “Euskal Herrian bizi garen guztiok gara euskal herritarrok, eta denon artean eraiki behar dugu herri hau. Herritar guztion eskubideen bermean oinarritu behar dugu geure elkarbizitza”, esan du Pildainek. Migrazio eta Aniztasun zuzendariak gaineratu du azterlanak erakusten duela Euskal Herrikoa jendarte irekia dela: “badira erne egoteko moduko adierazleak, eta argi dago sentsibilizazio arloan eta elkar ezagutza eta aitortza sustatzeko lan egin behar dugula oraindik ere. Askotan erakundeek jendartearen bizkar uzten dute xenofobiaren zama, baina datu hauek agerian uzten dute jatorri aniztasunaren aurrean uste baino positiboagoa dela jendartearen jarrera. Alde horretatik, askoz ere kezkagarriagoa da arrazakeria instituzionala; instituzioetatik estereotipoak sustatzea eta kolektibo osoak jo-puntuan jartzea”.

Euskal jendartea anitza da eta ikuspegi irekia du ezaugarri horretaz