Berriak
Euskal txinatarrek Urte Berria ospatuko dute asteburu honetan
2014ko urtarrilaren 30
Bihar hasi eta otsailaren 15era arte Udaberriko Jaialdia egingo da Txinan. Hau da, urte berria ospatuko dute. Euskal Herrian ere egingo dituzte ospakizunak, eta hemen bizi diren euskal-txinatarrek gogotik helduko diote jaiari. Juan Chu Euskadiko txinatarren elkarteko idazkariak Berriako Lander Muñagorri kazetariari azaldu dionez, «familian elkartuko gara, eta igaro den urtea zelakoa izan den aipatuko dugu, alde positiboak eta negatiboak. Horrez gain, datorrena nolakoa izango den ere aipatuko dugu». Txinako ospakizuna gogoan izango dutela ere azaldu du, eta han dauzkaten familiako kideekin ere hitz egiteko aprobetxatuko dute eguna. Telefonoz deitu ohi dietela adierazi du.
Bilbon, Qiao-Zubia Kultur Elkarteak jai ikusgarria egingo du igandean Arriagako Plazan. Bertan, borroka-arteak eta Ekialdeko dantzak (Lehoizko dantza eta Erensugezko dantza) egingo dituzte 12:00etatik aurrera.