Berriak

800pxgaztetxe_gasteiz

Larunbatean, Gasteizko Gaztetxean, Asturies-Euskal Herria Topaketa egingo dute: gaita-triki-poteoa, herri-bazkaria, azoka, mahai ingurua eta kontzertuak egongo dira.

Ixuxú elkartea sortu da, Asturiasko egoera soziokulturala Euskal Herrira hurbiltzeko xedearekin

2013ko otsailaren 25

Joan den hilean plazaratu zen Ixuxú Asturies-Euskal Herria elkartea, Asturiasko egoera Euskal Herrira hurbiltzea xede duen egitasmo soziokulturala. Sustatzaileen arabera, ekimenak bi helburu nagusi ditu. “Batetik, bi lurraldeetako gizarte-mugimenduen arteko harremanak landu nahi ditugu, Asturiesko gizarte-borrokei eta mugimenduei begira laguntasuna lortu, eta gizarte-egoera erakutsi nahi dugu, betiere nazioarteko eta elkartasunezko ikuspegitik abiatuta”, azaldu du Xicu Arizak. Era berean, kultura asturiarra Euskal Herrira hurbildu nahi dutela adierazi du, eta ildo horretan musika-taldeak ezagutaraztea sustatuko dutela dio, “batez ere asturiera erabiltzen dutenak”.

Ixuxú Asturies-Euskal Herria elkarteak Bilbon du egoitza, eta abiatu berria bada ere, jarduera-egutegi betea du. Besteak beste, liburuak eta diskoak aurkeztuko ditu eta kultura eta jaia uztartuko dituen jardunaldia ospatuko du.

Abian jarri duen lehen ekimenetako bat La Tarrancha ska-fusio taldearen “Mezigayuska” diskoa euskal gaztetxeetan eta jaialdietan ezagutaraztea izan da.

Larunbatean, Topaketa eta jaia  

Datorren martxoaren 2rako, Gasteizko Gaztetxearekin eta La Semiente (L’Entregu, Asturies) gizarte-etxearekin batera, “Alcuentru Asturies-Euskal Herria Topaketa” prestatu du elkarteak. Gaita-poteoarekin eta triki-poteoarekin batera, herri-bazkaria, azoka, mahai-ingurua eta La Tarrancha asturiarren eta Skakeitan donostiarren kontzertua antolatu dituzte. Asturiasetik, autobus bat bete jende etorriko da, Euskal Herria ezagutzeko eta kultur esperientziak konpartitzeko asmoz.