Berriak
"Rexurdimento" galegoaren bultzailearen ama Kontxa Murgia omenduko dute
2013ko otsailaren 8
Pasaiako Fato Cultural Daniel Castelaok, Oiartzungo Udalarekin batera, antolatu du, beste urte batez, Kontxa Murgia Egaña zenari omenaldi bat. Manuel M. Murguia historiagile, idazle polifazetiko eta Akademia Galegak izan zuen lehenengo zuzendariaren ama izan zen Kontxa. Otsailaren 22an eta 23an izango da omenaldia eta, honen bidez, Euskal Herriaren eta Galiziaren arteko harremanak estutu eta anaitasuna aldarrikatuko da.
Bi eguneko egitaraua prestatu dute. Datorren ostiralean (hilak 22) poesia errezitaldi musikatua izango da Oiartzungo Udaletxean, 19:00etan. Euskaraz eta galegoz. Arantza Letek, Jose Angel Irigarayk eta Xose Estevezek errezitatuko dituzte poemak. Arkaitz Miner eta Jexux Aranburu musikarien laguntza izango dute bibolina, gitarra eta eskusoinuarekin.
Larunbatean (hilak 23), berriz, lore eskaintza eta ekitaldi ofiziala egingo zaizkio Murgia Egañari, bere jaiotetxean. Doneztebe plazatik Manuel Lekuona liburutegira(eraikin horretan jaio baitzen Murgia) kalejira egingo da txistulari eta gaita jotzaileekin.
Kontxa Murgia Egaña Manuel Martinez Murguiaren ama izan zen. Manuel Martinez Murguia historiagilea, sortzailea, eta Rosalia de Castroren senarra izan zen. Academia Galegako (Euskaltzaindiaren pareko erakundea) sortzaile eta lehendabiziko lehendakari izan zen.
Kontxa Murgia 1806ko urtarrilaren 29an jaio zen, Oiartzunen, eta 1854ko uztailaren 13an hil zen Santiago Compostelan. Bere aitak, Domingo Murgia Azkonobieta irundarra San Esteban parrokiako organista izan zen. 1823an, San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioarekin, Gipuzkoako liberal asko Galiziara ihes egin zuten, tartean, Domingok eta bere alabak. Han, Jose Martinez botikariarekin ezkondu zen. Senar-emazteen lehendabiziko semea, Manuel, hizkuntz galegoaren Rexurdimento-ko handietako bat izan zen.