Berriak
Osasun eskubidearen urraketen berri emateko, doako telefono bat jarri dute martxan
2013ko urtarrilaren 6
“Jatorri Anitz Herri bat” izeneko ekimenak doako telefono bat (900-101 226) jarri du martxan, honen bitartez osasun eskubidearen urraketen berri eman ahal izateko pertsona orok, beren anonimotasuna mantenduz. Ekimen honek tresna bat izan nahi du Gipuzkoan osasunaren arloan argazki zehatz bat izateko, arlo horretan egungo errealitatea ezagutzeko.
Ekainean, 114/2012 Dekretua argitaratzearekin batera, bertan “erregularizatu gabeko” migratzaileei eta osasun txartela ez dutenei urtebeteko errolda agiria exijitzen zaie, ondorioz pertsona ugari osasun prestaziorik gabe utziko ditu. Horretarako, egoera honen inguruko informazioa biltzeko tresna bat jarriko dute martxan. Telefono hau bideratua dago osasun eskubidea ukatu zaienei eta baita halako kasuen berri izan dutenei ere. 24 orduz egongo da erabilgarri, goizetik pertsona batek harrera egingo du eta erantzungailu zerbitzu bat martxan jarriko da arreta osatzeko. Bestetik ,denokgipuzkoar.net web orrian ere aukera egongo da salaketa jartzeko.
“Jatorri Anitz Herri Bat” Gipuzkoa mailan lehen aldiz martxan jarri den aniztasuna eta elkarbizitzaren gaineko dinamika parte hartzailea dugu. Dinamika honekin ikuspegi aldaketa bat jendarteratu nahi da ikuspegi propio eta barne-hartzaile bat. Bertan parte hartzen dutenek naziotasun eta atzerritartasun legeen ondorioz egiten den pertsonen kategorizazioa gainditu nahi dute herrialde honetan bizi diren pertsona guztien herritartasuna aldarrikatuz.