Abian gara
EH11Kolore herri mugimendua jaio da
15.12.2012
Donostiako San Telmo Museoak hartu du gaur goizean EH11Kolore (Euskal Herria Hamaika Kolore) herri ekimenaren aurkezpena, gure gizartean bizi dugun jatorri aniztasunaren inguruan hausnartu eta eztabaida sustatzeko asmoarekin sortu dena. Egitasmo horrek euskal gizartearen kultur aniztasuna babestu eta sustatu nahi du, berezko balio gisa, joera uniformatzaile eta segregatzaileen aurrean.
Unibertsitate irakasleek, kultur eragileek eta hainbat giza mugimenduetako kideek osatutako kolektiboak bultzatuta, Euskal Herria 11 Kolore gizarte eragile, elkarte nahiz erakunde ororen parte hartzeari irekita dago.
Ekitaldian, ekimenaren bozeramaile diren Xabier Mendiguren Bereziartu euskaltzaleak, Xoxe Estevez Rodríguez historialariak eta Fato Cultural Galego-ren fundatzaileak eta Samira Goddi Mendizabal kultur arteko bitartekariak hartu dute parte. Bozeramaileekin batera, jatorri anitzeko hiritar elkartekideak izan dira aurkezpenean, ekimenarekin bat egiten. Hauen artean, Rafael Gimenez, AGIFUGI Gipuzkoaren Etorkizunerako Ijito Elkartearen kidea; Mireia Perea, Arabako Etorkin eta Errefuxiatuen KIRA Elkarteko presidentea; Souleymane Sarr, Markinako Senegaltarren Elkarteko burua; Magbula Hafdala Ali, saharaui emakumeen elkartekidea, edota Hajar Samadi, Eusko Islamiar Kontseiluko kidea.