Blog

kulturaniztasuna

Donostiako Kultur Aniztasun sailak auzokideen partehartzea eskatzen du

25.09.2013

Donostiako Udalak Kultur Aniztasun saila eratu zuen iragan ekainean, eta orain atal hori herritarren artean ezagutzera emateko eta lan ildoak zehazteko prozesu parte hartzailea jarri da martxan. Hilaren amaieratik bilera sortak egingo dira hiriko hainbat auzotan. Naiara Sampedro Kultur Aniztasuneko zinegotziak azaldu duenez, prozesu honen asmoa da atal berria ezagutzera ematea eta herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzea: “Hiritarren eta gizarte eragileen parte hartzea sustatu nahi duen prozesu parte hartzailea da abian jarriko duguna, donostiar guztien parte hartzea beharrezkoa baita elkarbizitzaren eraikuntzan. Jatorri anitzeko herri bat izanik guztiok herri proiektuaren subjektu aktibo izan behar dugu, guztion eskubide politiko, sozial, ekonomiko, linguistiko eta kulturalak bermatzeko, beti ere, errespetua, aitortza eta kultur aniztasunaren balioak oinarri hartuta”.

Aurreneko bilera irailaren 30ean, astelehenarekin, izango da, San Telmo Museoan. Gainontzeko saioak data eta leku hauetan izango dira; urriaren 2an, Lugaritz Kultur Etxean; urriaren 7an, Tomasene Kultur Etxean; urriaren 8an, Ernest Lluch Kultur Etxean; eta urriaren 10ean, Egia Kultur Etxean. Saio guztiak 18:30ean izango dira.

Kultur Aniztasun sail berria aurkezteaz gain, alor honetan egindako diagnostikoaren emaitza nagusiak ere emango dira ezagutzera, saio bakoitza burutzen den zonaldeko emaitzei arreta gehiago jarriaz. Donostiako Udalak, Kultur Aniztasunaren atalaren bidez eta Aztiker Soziologia Ikergunearen eskutik,Jatorri Aniztasuna eta Elkarbizitza Donostian diagnostikoa burutu zuen 2012ko abendua eta 2013ko apirila bitartean.