Blog
«Ghettoak sortzeko arrisku guztiak saihestu egin behar dira»
18.06.2014
BERRIA egunkariak Beñat Garmendia gure koordinatzailearei eta Xabier Mendiguren bozeramaileari Arantxa Iraolak egindako elkarrizketa argitaratu du gaur.
Xabier Mendigurenek (Ezkio-Itsaso, 1945) eta Beñat Garmendiak (Ordizia, 1982) EH11 Kolore elkartean dihardute, «aniztasuna» taxuz zaindu beharreko gizarte balioa iruditzen zaielako. Euskal Herrian xede bereko beste hainbat esperientzia badirenez, elkarren «osagarri» izan behar dutela diote. Maiatzeko azken asteburuan, iaz abiatutako lan ildoan, EHKoloreFest egin zuten. Gizarte aniztasunaren aldeko ekintzak sustatzen jarraitu nahi dute.
Gora aniztasuna. Hara zuen leloa. Ez genuke gehiago nabarmendu behar batzen gaituena. Ez al da sendoagoa?
XABIER MENDIGUREN. Hori egia da. Baina aniztasuna hor dago; ez da guk aldarrikatzen dugun zerbait, hor dago, eta aitortzetik hasi behar da. Gu hasten gara esanez aberastasun bat dela plurala izatea, eta hori kudeatzeko pausoak eman behar direla. Batasuna hortik bakarrik etortzen da; aurrean dagoena ez bada aitortzen, gero hori kudeatzen ez dugu asmatuko. Batasuna aitortzeko, aurrena desberdintasuna aitortu eta onartu behar da. Guretzat, ez dira gauza kontrajarriak; alderantziz, bata ezinbestekoa da bestea egiteko.
Gai horren inguruko albiste ugari atera dira azkenaldian. Sestaoko alkatearen adierazpenak, Gasteizko alkatearenak... Egiteko dagoen lanaren seinale?
X. M. Hori Europa guztian gertatzen ari da, eta gure artean baino lehenagotik, beste hainbat lekutan; gogorrago eta okerrago, gainera. Gu oraindik garaiz gaude, eta horrelako egoerei aurrea hartu nahi diegu. Katalanak ere gure aurretik hasi ziren. Aniztasuna dagoen tokietan, gaizki-ulertuak eta zailtasunak sortzen dira bizikidetzan. Batzuetan arrazoiarekin, besteetan ez; horregatik nahi ditugu bizikidetza errazteko pausoak ematea. Askotan kontzeptu ugari nahasten dira; xenofobia ez da soilik desberdinaren kontrako gorrotoa edo ezinikusia, horren inguruan sortzen diren interes asko ere badaude. Eta esan dezakegu gu ez gaudela libre —Europako beste herrialdeetan bezala— xenofobia gure artean agertzeko; gizarteak prest egon behar du aurre egiteko egoera horiei. Horretarako, Euskal Herrian lan egin eta bizi nahi dugun guztiok eskubide eta betebehar berberak izatea: hori da gure aldarrikapena.
BEÑAT GARMENDIA. Aipatutako kasuek erakusten dute kultur aniztasunaren inguruan eztabaida badagoela, eta horri aurre egin behar zaiola. Horren harira, guk martxoan abiatu genuen dinamika bat: Euskal Herri anitzarentzat adostasunak. Lau eremutan lan egin nahi dugu, gatazka gehien sortzen duten gaietan: erlijio aniztasuna eta gizarte laikoa, euskara eta hizkuntza aniztasuna, hiritartasuna eta naziotasuna, eta langile eskubideak eta jatorri aniztasuna. Hor bada eztabaida bat, eta heldu egin behar zaio.
Instituzioen jarrera auzitan jartzeko erakoa iruditzen zaizue?
B. G. Nik uste dut guztion inplikazioa beharrezkoa dela. Kultur aniztasunaren kudeaketaren konplexutasunari bere osotasunean heldu behar zaio. Ez da erakundeen kontua bakarrik; harago doa. Martxan jarri dugun eztabaida maila sozialeko dinamika bat da, baina betiere elkarlana lortu beharko da erakundeekin.
1950eko eta 1960ko hamarkadetan ere etorri zen etorkin olde handi bat Euskal Herrira. «Gaizki» kudeatu zela diozue. Zein ikasbide atera behar da?
B. G. Garai hartan sortu ziren bi komunitate. Eta harresiak botatzearen aldekoa den edozein urrats egokia iruditzen zaigu. Aurten, esaterako, Donostian egin dugun festan elkarlanean aritu gara garai hartan kanpotik etorritakoek eratutako Gipuzkoako eskualde etxeekin, eta oso aberasgarria izan da.
Euskara nahi duzue integraziorako hizkuntza...
X. M. Guk nahi dugu euskara izatea hemen lan egin eta bizi nahi dutenen hizkuntza bateratzailea. Hori da Euskal Herriak eman dezakeen zerbait inportantea. Lan egin behar dugu hemen euskararekin gertatzen dena kanpotik etorritako beste askori beren jatorrizko etxean gertatzen zaiela ulertarazteko. Guk badakigu zer den hizkuntza nagusi baten menpe egotea; haietako askok ere bai. Ikusi dugu nahi dutela beren seme-alabek euskara ikastea, gogor eskatu digute hori. Askotan esan digute ez dutela nahi beren seme-alabak bigarren mailako izatea.
Zurrumurruak eta estereotipoak dira usu elkarbizitza on bat hondatzeko motiboa. Abian dira horien kontrako egitasmoak...
B. G. Zurrumurruak apurtzeak lagundu egiten du; elkarren aitortza egiteko bidea da.
X. M. Ghetto batean bizi bazara, hor oso zaila da elkar ezagutzea. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan etorritako jendearekin askotan hori gertatu zen; fisikoki ere bakartuta bizi ziren. Horrelakoak saihestu egin behar dira: ghettoak sortzeko arrisku guztiak saihestu egin behar dira. Eta estereotipoak hautsi behar dira... Eta hor hedabideek zeresan handia dute. Etorkin bat aipatzen bada zerbait ilunarekin lotuta, segituan haren jatorria aipatuko da, eta horrek ez du batere laguntzen.
B. G. Kanpokoen artean errealitate eta egoera oso ezberdinak daude; mosaiko hori ulertu behar da.