Blog

3097736

Kanpotik etorritakoei buruz hainbat mito apurtu du Nafarroan egindako ikerketa batek

20.06.2014

Bizikidetza eta errespetua. Horiek dira bertakoen eta kanpotik etorritako pertsonen arteko harremanaren ardatz, Nafarroan, gobernuak egindako ikerketa batek agerian utzi duenez. «Gatazka gutxi dago», gaineratu du Nafarroako Gizarte Politiketarako kontseilari Iñigo Allik. Nafarroak 640.000 biztanle ditu egun, eta %13,5 immigranteak dira; hau da, 86.240 pertsona. Haietako %31k Espainiako naziotasuna dute.

Gobernuak Bizikidetzarako Nafarroako Estrategia prestatu behar du, eta agiri hori egin aurreko urratsa izan da atzo aurkeztu zuten ikerketa. Haren bitartez, kanpotarren inguruan dauden «hainbat mito» hutsean utzi dituzte egileek.

Mito horietako hainbat aipatu ditu Allik, ikerketaren berri emateko egindako agerraldian: «Immigranteak medikuarenera gehiago joaten diren ustea bada, adibidez, bai eta gastu sozialaren zati handiagoa jasotzen dutena ere».

Errealitatea, ordea, bertzelakoa da, ikerketak erakutsi duenez. Batetik, tokiko herritarrak kanpotik etorritakoak baino bi aldiz gehiago joaten dira medikuarenera; bertzetik, Gizarte Politiketarako Departamentuaren gastu sozialaren %75 menpeko pertsonek, ezintasunen bat dutenek eta zaharrek jasotzen dute, eta haien artean beste jatorrikoak ez dira nagusi. Hirugarrenik, ikerketak agerian utzi du oinarrizko gizarte zerbitzuetan artatzen dituzten lau pertsonetatik hiru bertakoak direla. Eta, laugarrenik, ikerketak nabarmendu du iaz emandako babes ofizialeko etxebizitzen %95 bertako herritarrek jaso zituztela.