Blog
Kontxa Murgia omendu dute Oiartzunen
25.02.2013
Aurten ere Kontxa Murgia Egañari omenaldia egin diote Oiartzungo Udalak eta Fato Cultural Daniel Castelaok, Diario Vascok informatzen duenaren arabera, Murgia oiartzuarra zen eta Manuel Martinez Galiziako abertzaletasunaren aitapontekoaren ama izan zen.
Ospakizunak ostiralean hasi, eta larunbatera arte luzatu dira. Bi egun horietan, poesia errezitaldi musikatua eta omenaldia izan dira. Modu horretara, Euskal Herriaren eta Galiziaren arteko harremanak estutu eta anaitasuna aldarrikatu da, bidez batez.
Ostiraleko ekitaldia xumea bezain sentitua izan zen. Ilunabarreko 19:00etan hasi zen udaletxeko areto nagusian. Xosé Estevezek eta Jose Angel Irigarayk bospasei poema errezitatu zituzten galegoz eta euskaraz, 'Alén da Fronteira, Sete poetas vascos' liburutik aukeratuak. Aldi berean, Xabier Leteren 'Neguan izan zen' poema errezitatu zuen haren arreba Arantxak. Poemen artean musika uztartu zuten, magia sortzeraino. Arkaitz Minerrek eta Jexux Aranburuk arrabita, gitarra eta eskusoinuarekin honako pieza hauek eskaini zituzten: Xabier Leteren 'Izotz ondoko eguzki'; 'Erraondo', Ultzama ingurutxoa; Gilberto Gilen pieza bat, eta Jexux Mari Lopetegik musikatutako Joseba Sarrionandiaren 'Ez diren gauzak' poema.