Blog
Kontxa Murgiari omenaldia, Oiartzunen
26.01.2014
Urtero bezala, datorren larunbatean omenduko dute Kontxa Murgia, Manuel Martinez Murguiaren ama izan zena, Oiartzunen.
Oiartzungo Udalak eta Pasaiako Fato Cultural Daniel Castelaok prestatu duten egitaraua goizeko 10:30etan hasiko da, Lartaun Txistulari Taldeak eta Trisquele Donostiako Galiziar Etxeko Gaitero Taldeak elkarrekin egingo duten Kalejiraren bidez.
Eguerdiko 12:00etan, Done Eztebe Plazan, Kontxa Murgiari lore eskaintza eta omenaldia egingo zaio. Ondoren, Asier Legorburu , Kultura Zinegotziaren eta Xose Estévez historialariaren hitzaldiak izango dira Manuel Lekuona Liburutegiko hitzaldi aretoan.
Ekitaldiaren bukaeran bildutako guztientzat luntx goxoa zerbitzatuko da.
Kontxa Murgia Egaña Manuel Martinez Murguiaren ama izan zen. Manuel Martinez Murguia historiagilea, sortzailea, eta Rosalia de Castroren senarra izan zen. Academia Galegako (Euskaltzaindiaren pareko erakundea) sortzaile eta lehendabiziko lehendakari izan zen.
Kontxa Murgia 1806ko urtarrilaren 29an jaio zen, Oiartzunen, eta 1854ko uztailaren 13an hil zen Santiago Compostelan. Bere aitak, Domingo Murgia Azkonobieta irundarra San Esteban parrokiako organista izan zen. 1823an, San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioarekin, Gipuzkoako liberal asko Galiziara ihes egin zuten, tartean, Domingok eta bere alabak. Han, Jose Martinez botikariarekin ezkondu zen. Senar-emazteen lehendabiziko semea, Manuel, hizkuntz galegoaren Rexurdimento-ko handietako bat izan zen.