Blog
Kulturen Azoka ospatuko da Urretxun larunbatean
23.05.2013
Larunbat honetan, maiatzak 25, Urretxun Kulturen Azoka ospatuko da. Mundu osoko postuak ikusteko aukera izango da Gernikako Arbola plazan. Egun osoan zehar egongo da zabalik azoka, eta bertan gastronomia eta artisautza postuez gain, ikuskizun eta animazio ugari egongo dira.
Bizi dugun kultura aniztasunaren erakusleiho izan nahi du azokak, eta bertan kanpoko herrialdetako eta bertako produktuen postu ugari egongo dira. Argentina, Senegal, Brasil, Ekuatore Ginea, Pakistan, Maroko, Sahara, Nikaragua eta Euskal Herriko postuak egongo dira besteak beste.
Argentinako parrilladaz gozatu, Senegalgo arroza dastatu, Sahararren haima batean sartu eta tea dastatu, Brasilgo kaipiriña edan, norbere izena arabiarrez idatzita etxera eraman edo ilean Afrikako trentzatxoak egiteko aukera egongo da.
Dantza eta musika emanaldiek azokako giroa alaituko dute. Afrikako dantzak, txalaparta eta guembe fusioa eta Brasilgo musika ezagutzeko aukera egongo da antolatuta dauden ikuskizunen artean.
Umeentzako txokoa ere egongo da azokan eta kulturen arteko ginkana ere antolatu dute.
Azoka goizeko 11etan irekiko da eta iluntzeko 20:30ak arte egongo da zabalik.