Abian gara

jtk_7140

Donostiako ostalariek 11 gastronomiatan oinarritutako pintxoak aurkeztu dituzte

2013ko maiatzaren 16

 Donostiako ostalariek ere parte hartuko dute 11Kolore Fest ekitaldian, datorren ekainaren
1erako Euskal Herria 11 Kolorek antolatutako Aniztasun Egunean. Horretarako, ekimen gastronomiko paregabea prestatu dute: hiriko Alde Zaharreko hamaika establezimendutan pintxo berezia eskainiko dute egun horretan, Senegal, Andaluzia, Ukrainia, Galizia, Kuba, Irlanda, Sahara, Ekuador, Pakistan, Txina eta Mexikoko gastronomietan oinarritutakoa eta ospakizunerako propio sortutakoa. Sukaldariek gaur aurkeztu dituzte Okendo Kultur Etxean euren sorkuntza-lanak, guztiak goi mailakoak.

11 Pintxo 11 Zapore ekimenaren bidez, Alde Zaharreko hamaika taberna esanguratsuenetakoen barretan, ohiko eskaintzaz gain, gure herriko jatorri aniztasunaren isla diren mokaduak eskainiko dituzte ekainaren 1ean. Pintxook egun osoan izango dira salgai 2 eurotan.

Ostalariek euren onena eman dute gutiziatxo horiek sortzeko, beste lurralde batzuetako osagaiak eta zaporeak izan baitituzte langai. Emaitza mundiala da(pdf). Txuleta tabernak (Trinitate enparantza, 2) “Yassa” pintxoa sortu du Senegaleko sukaldaritza oinarri hartuta. Oilaskoa, piperbeltza, limoia, ziapea, tipula, piper berdea eta gorria, piperrautsa eta arroza dira osagai nagusiak. A Fuego Negro
(Abuztuaren 31, 31) establezimenduak Andaluziako eta Euskal Herriko gastronomiak uztartu ditu “Salmorejo, talo ta gazta” pintxoan. Horretarako osagai nagusiak dira salmorejoa, gazta izoztua eta puskatua, talo frijitua eta mendafina.

Sirimiri Taberna (Kale Nagusia, 18) Ukrainiako sukaldaritzari heltzen ausartu da eta “Joryoyi” pintxoa eskainiko du, aza, haragia, tipula erregosia eta azenarioa batzen dituena. Ormazabalek (Abuztuaren 31, 22) Galiziara begiratu eta “Olagarroa euskal erara” prestatuko du Ezpeletako piperrautsarekin. Herria tabernak (Ikatz, 14) Kubako sukaldaritza hartu du eredutzat “Herriak aske” pintxoa egiteko. Patata purea, arroza, tipula, porrua, piperra, txerri haragia, tomatezko ozpin-olioa eta urritutako ron kubatarra dira osagai nagusiak. Kale bereko Belfast establezimenduak Irlandako sukaldaritzaren lagina erakutsiko du Gaztedi pintxoarekin (ogia, tomate frijitua, saltxitxak, hirugiharra, aza eta patata purea).

Rekalde tabernak (Aldamar,1) Saharako sukaldaritza aztertu du eta “Xaia” pintxoa eskainiko digu (arroza, haragi txikitua, ilarrak, intxaurrak, almendrak, espezieak, brik eta cus-cusa). Zeruko Tabernak (Arraindegi, 10), berriz, Ekuadorreko zaporeak ekarriko dizkigu “Sasiboilurra” sofistikatuarekin (tipula-odolkia, mangoa eta kakaoa). 

Bordaberrin (Fermin Kalbeton, 12) Pakistango zaporea duen mokadua prestatuko dute hainbat osagairekin, besteak beste, arto eta gari irina, garam masala, txekor masaila, Idiazabal gazta, intxaurrak,irasagarra, olioa eta Modena ozpina. Ordizia tabernak (San Lorenzo, 6) “Txina Town” izeneko pintxoa aurkeztuko du, aza, azenarioa, haragi txikitua, brie pasta, babarrun gorri txupitoa eta pipermin berdea dituena. Azkenik, Quinto Pinoko (Sarriegi enparantza, 4) sukaldean Mexikora begiratuko dute “Garnatxita” prestatzeko, arto irina, frijoleak, tomatea, guakamolea, tipula eta letxuga erabilita.