Abian gara

jtk_5391

Miramar jauregiko lorategiak, gaur.

Aniztasunaren inguruan, eztabai bi egunetan

2013ko martxoaren 15

Bigarren egunaz Donostiako Miramar Jauregian egin dira gaur “Dibertsitatearen kudeaketa: Països Catalans eta Euskal Herria” jardunaldiak. Bertan parte hartu duten adituek beharrezkoa jo dute nazio hauetan dagoen aniztasuna espazio komun batera ekartzea eta prozesu hori jatorrizko hizkuntzen bitartez egitea.

Mahai gainean agertu dira migrazioa eta aniztasuna kudeatzeko eredu ezberdinak. Ponentziak ondorio batzuekin itxi egin dira, adibidez, herrialde katalaIetan, indar politiko, sozial eta kulturalen inplikazioa Euskal Herrian baino altauagoa dela gure gizarteetara iritsi diren jatorri anitzeko persona eta kolektiboen inkorporazioari dagokionean. Eta, kontrako norantzan, jatorri desberdinetako pertsonek eta kolektiboek kultura, hizkuntza eta aldarrikapen nazionalaren aurrean daukaten jarrera ere aldekoagoa da Katalunian.

EHU/UPVk, Eusko Ikaskuntzak eta Ciemen zentro katalanak antolatu dituzte jardunaldi hauek, Euskal Herria 11 Kolore herritarren ekimenaren, EHU Guneren eta IAIZen (Identitate eta Aniztasun Ikerketa Zentroa) lankidetzarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta. Gaur izan da bigarren atala, eta Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordearen eta Marcos Nanclares, Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun Zuzendariaren hitzaldiekin hasi da. Kataluniaren aldetik, Xavier Bosch Generalitateko Immigrazio zuzendari nagusiak (CiU), Angel Colomo CIUko Immigrazio arduradunak, ERCko parlamentari Oriol Amorós-ek eta CUP-eko militante Anna Gabrielek hartu dute parte. Goizean, Martin Garitano Gipuzkoako diputatuak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak harrera instituzionala egin diete.

Ekitaldi horretan, Pedro Albitek (UPV/EHU), Jardunaldien Batzorde Zientifikoaren izenean, eskertu egin die hizlari kataluniarrei euren ekarpena. “Identitate eta jatorri aniztasunak gaur egungo gizartean ematen duten konplexutasuna, gero eta handiagoa dena, areagotu egiten da gure bi herrialdeentzat kultura minorizatuak dituzten estaturik gabeko nazioak garen heinean. Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko egoera konplexu hau ezberdintzen duten berezitasunez haratago, mundu akademikotik analisi eredu propioak pentsatzeko eta hausnartzeko erronka komuna” dugula esan du Albitek. Zentzu honetan, Jardunaldi hauek bide horretan lehen pausua izan daitezke, eta “gustatuko litzaiguke Europako beste estaturik gabeko nazioekin elkarlanean aritzeko sare baten abiaratzearen hasiera izatea”.