Abian gara
“Ezin da subiranotasun-prozesurik aurrera eraman elkarrekin bizi diren identitateen aniztasuna onartu gabe”
2013ko martxoaren 14
Gaur goizean hasi dira Donostiako Miramar Jauregian “Aniztasunaren kudeaketa: Països Catalans eta Euskal Herria” jardunaldiak. EHU/UPVk, Eusko Ikaskuntzak eta Ciemen zentro katalanak antolatu dituzte Euskal Herria 11 Kolore herritarren ekimenaren, EHU Guneren eta IAIZen (Identitate eta Aniztasun Ikerketa Zentroa) lankidetzarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta. Eskainitako plaza guztiak bete ondoren, 70 lagun izan dira txostenen aurkezpenetan eta mahai-inguruetan.
Gaurkoan, Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian den jatorri eta kultur aniztasunak dakartzan erronkak eta aukerak aztertu dituzte. “Estaturik gabeko nazioetan ezin da subiranotasun-prozesurik aurrera eraman lurraldean den identitate eta jatorri aniztasuna onartu gabe. Eta alderantziz, bestelako jatorria duten kolektiboek eta komunitateek tokiko errealitate nazionala eta irekita dauden autodeterminazio-prozesuak onartu behar dituzte elkarbizitza erabatekoa izan dadin. Beraz, gakoa da nola lortu alde biko errekonozimendu hori”, adierazi du EHUko irakasle eta IAZ-ko kide Pedro Albite hizlariak.
Albiterekin batera, jardunaldietako lehen egunean partaide izan dira, besteak beste, Josep Antón Fernández Universitat Oberta de Catalunyako irakaslea, Vicent Climent Universitat Pompeu Fabrako ikerlaria eta Eusko Ikaskuntzako Joxe Ramon Bengoetxea, zeinak Europa mailako aniztasun kulturala, juridikoa eta konstituzionala izan dituen hizpide.
Climentek “nazionalismo zibikoaren” alde egin du, gizarteko kide guztien partaidetza izango duena, bakoitzaren jatorria alde batera utzita. Era berean, Kataluniako eta Euskal Herriko egoerak alderatu dituzte partaideek. Izan ere, Katalunian katalanez gizarteratu dira kanpotik etorritakoak, eta Euskal Herrian, berriz, “etorkin gehienek ez dute bertako hizkuntza ezagutzen ez eta pairatu zituen debekuak ere”. Ildo horretan, egoera aldatze aldera eskolak duen garrantzia nabarmendu dute. “Katalunian hezkuntza eredu bakarra dago, non ikasle guztiek, jatorri guztietakoek, katalana eta gaztelania ikasten duten. Hori funtsezkoa da gizartean bereizkeriarik ez egoteko”, azaldu du Climentek. Halere, sistema hori “etengabe mehatxupean” dagoela ohartarazi du, eta bere esanetan, “eraso horiek Kataluniako batasun zibikoa haustea dute helburu”. Euskal Herrian, berriz, Trantsizioko itunaren ondorioak pairatzen direla salatu du Pedro Albitek, “orduan kultur eta lurralde bereizketa ardatz zituen eredua adostu baitzuten, eta baztertu egin zuten euskara komunikazio-hizkuntza gisa berreskuratzea”.
Arratsaldean Els Altres Andalusos, Òmnium Cultural eta Centri d’Estudis Africans Kataluniako taldeen ordezkariek hartu dute parte, eta baita Xabier Mendiguren Bereziartu euskaltzaleak, Xosé Estévez historialari galiziarrak eta Samira Goddi antropologo eta kulturarteko bitartekariak ere.
Bihar, jardunaldien bigarren egunean, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Xavier Bosch Generalitateko Immigrazio zuzendari nagusia (CiU), Angel Colomo CIUko Immigrazio arduraduna eta ERCko parlamentari Oriol Amorós izango dira partaideen artean.