Abian gara

11cartel_definitivo_irunea_2014page001

EH 11 Kolorek kultur eta jatorri aniztasuna aldarrikatuko du Iruñean Danbor Martxa batekin

2014ko irailaren 5

Datorren irailaren 13an, larunbatez, Jarauta kaleko jaiekin batera, Iruñeako Alde Zaharrean, EH 11 Kolore ekimenak deitua, 11 Kolore Fest, kultur eta jatorri aniztasunaren eguna ospatuko da.

Jai honen xedea Iruñeako, Nafarroako eta Euskal Herri osoko kultur eta jatorri aniztasuna erakustea eta ospatzea da. 11 Kolore Fest Jaialdiarekin, kultur aniztasun hori azaleratu nahi da eta lanerako eta festarako topaguneak eraiki nahi dira Iruñeako jatorri ezberdinetako komunitateekin. Kultur eta jatorri aniztasunean bizikidetza eta elkartasuna eraikitzeko eta era berean elkar ulertzearen oinarriak ezarriko dituen elkarguneak sortzeko.

Jai honek auzolan erraldoi bat izan nahi du eta EH 11 Kolore ekimenaz gain, San Zernin auzoko Jai batzordea, Jarauta kaleko tabernariak, Jarauta kaleako Peñak, Alde Zaharreko Jai Batzordea, Gora Iruñea, Gazte Peña, Nafarroako SOS Arrazakeria eta Iruñea eta Nafarroako jatorri ezberdinetako beste hainbat komunitate, euskalgintzako elkarte, dantza taldeak eta kolektibo internazionalista eta solidarioak ere egongo dira bertan.

Jai honek EZ du gure hirian bizi diren “etorkinen” ezta “beste kultura horien” jai bat izan nahi. Guztion jaia izan nahi du, nafarra eta euskalduna, Iruñeako eta Nafarroako kultur aniztasuna harrotasunez erakusten eta ospatzen duena. Guztiak nafarrak garela aldarrikatzen duena, gure jatorria edozein dela eta munduko edozein bazterrean jaioak izanik ere eskubide berak, aukera berak eta betebehar berak aitortzen zaizkigularik. Euskal kultura, kulturen kultura bezala ulertua eta Nafarroako eta Iruñeako identitate ezberdianak, hizkuntzak eta kultur aniztasuna euskararen inguruan batuak.

11 Danbor Martxa:

Danborra munduko herri guztietan dagoen instrumentua da eta era berean perkusioarena hizkuntza unibertsalean da. Danborra gainera, kultur aniztasunaren ikurra da (badira munduan 700 danbor mota baino gehiago). Erraz sor daiteke danbor bat eta edonor, haur nahiz gazte edo heldu izan daiteke danborra jotzeko gai.

Oraingoz bost batukadek hartuko dute parte eta Iruñeako Gazte Peñak Burubeltz Konpartsa aterako dute (Donostian Piratek atera dute azken bi urte hauetan). Konpartsa honek Burubeltz ardia buru duela (11 Koloretako ardi erraldoia) Euskal Herriko kultur aniztasuna irudikatu nahi du. Bost taldetan banatzen den Konpartsa hau kolore ezberdinez jantzitako pertsonek osatzen dute eta kontinente bakoitza irudikatzen duten maskara eta erraldoiak aterako dituzte. Euskal jendartearen jatorri aniztasuna munduko bazter guztietatik etorria dela alegia.

Iruñeako Peñak bat egin dute jaiarekin eta beste talde folkloriko batzuek ere bertan izango direla baieztatu dute. Centro Galego, dominikarrak, ekuatoriarrak, saharauiar kolektiboak, dantzariak, Txantreako heldu eta txikien zanpanzarrak, Paris 365 elkarteko haurren batukada...

Nafarroako SOS Arrazakeriak ere bertan parte hartzeko deialdia egingo du, baita inmigranteen federazio ezberdinek, kultur elkarte eta euskalgintzako elkarteek ere.

Martxa txupina jaurti ondoren hasiko da Udaletxeko plazatik eta Atanbora (Oreka TX taldeak sortutako kantua) denek elkarrekin jo ostean. Bi ordutako iraupena izango du martxa honek eta Iruñeako Alde Zaharra zeharkatuko du, baita Jarauta kalea, egun horretarako apaindua egongo bait da. Udaletxera itzuliko da eta berriz ere Atanbora kantua joko da.

Jarauta kalean jaiak jarraituko du non bertako taberna eta Peña bakoitzak Iruñeako biztanleriaren jatorri ezberdinetako herri edo kultura bat (ijitoen herria, maputxeak, bereberrak...) aukeratuko dute egun horretarako: Bulgaria, Ekuador, Maputxe herria, Sahara, Errusia, Asturias, Galiza... Taberna eta Peña bakoitzak aukeratu duen herri edo kulturaren adierazpen ezberdinak jasoko ditu: gastronomia, edaria, musika, folklorea, erakusketak, prospektu turistikoak, bideo emanaldiak, zuzeneko emanaldiak, aldarrikapen solidarioak, antzerkia, artisautza...