Abian gara

lidia1

"EH 11 Kolore jarraitu beharreko bidea iruditzen zait, modu bikaina da kultur aniztasunaren errealitatea aditzeko, komunean ditugun gauzetan loturak aurkitzeko, ezberdintzen gaituenari horrenbeste begiratu gabe".

“Txalaparta eta flamenkoa primeran uztartzen dira eta publikoak oso gustuko du emaitza”

2013ko otsailaren 13

Lidia de Lorenzo flamenko-dantzari ermuarrak kolorea eta musika ekarriko ditu Euskal Herria 11 Kolore ekimenak datorren otsailaren 16an Bilboko Bilborock aretoan (12:00) egingo duen ekitaldira.

Izen handiko Mario Maya koreografo granadarraren ikasle izan zen Lidia de Lorenzo (Lidia Pousaren izen artistikoa). Pepa Gamboak zuzendutako Los Caminos de Lorca ikuskizuneko dantzari taldean ekin zion ibilbide profesionalari. Ondoren, Granadako tablao ospetsuenetan egin zuen dantza, Adrian Sanchezen Taracea konpainiako kide izan zen, bakarlari aritu zen Ricardo de la Juanarenean, eta urte batzuk daramatza dantza eskolak ematen hainbat flamenko ikastegitan. Verea del Norte bere proiektu pertsonalarekin De Norte a Sur ikuskizuna aurkeztuko du Bilborocken, flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituen lana.

Nondik datorkizu flamenkoarekiko zaletasuna?

Oso txikitatik erakarri nau dantzak eta mugimenduarekin eta musikarekin lotuta dagoen guztiak. Aurreago flamenkoa ezagutuz joan nintzen, eta dantzan aldi bat neramanean iritsi zitzaidan benetako zaletasuna. Aitak kutsatu zidan musikarekiko interesa, eta amak Ermuan zegoen akademia batean dantza egitera animatu ninduen.

1998an Granadara joan zinen bizitzera eta hainbat urte eman dituzu Andaluzian, hasieran ikasten eta gero flamenkoko profesional gisa. Halere, duela hiru urte Euskal Herrira itzultzea erabaki zenuen. Zergatik?

Aldaketa gogoa nuen eta familiarengandik eta lagunengandik hurbil egon nahi nuen.

De Norte a Sur” ikuskizuna sortu duzu, larunbatean Bilborocken taularatuko duzuna, EH 11 Kolore ekimenak antolatutako ekitaldiaren barruan. Zertan datza?

Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko lotura irudikatu nahi nuen, neure barnean sentitzen dudan moduan, puntu jakin batzuk aurkitu, non musika hizkuntza berbera den. Kultura batean hezita egon arren oso bestelakoa den beste bat ezagutu eta sakonki uler dezakezula transmititzea da asmoa.

Txalaparta eta flamenkoa... Nola otu zitzaizun? Zer moduz uztartzen dira?

Egia esan, ez da niri otu zaidan zerbait, lehenago ere bi diziplinok bateratu izan baitituzte, baina oso interesgarria iruditu zitzaidan horretan saiatzea. Txalaparta eta flamenkoa primeran uztartzen dira; txalaparta perkusio-tresna oso emankorra da, baina ez da erraza. Bidea hasi dugu, eta bilatzen eta partekatzen jarraitu beharra dago.

Nola hartzen dute ikus-entzuleek nahasketa hori?

Nire esperientziaren arabera publikoak oso gustuko du. Harrera oso ona izan du.

Orokorrean, lurralde honetan ulertzen al da flamenkoa?

Erritmikoa dena ulergarriagoa da, eta beraz, orokorrean ondo hartzen da, batez ere perkusioa, dantza eta baita gitarra ere. Cantea, berriz, zailagoa da, cante sakonena gogorra da belarriarentzat.

Odol andaluziarra duen euskalduna zara. Zer iruditzen zaizkizu EH 11 Kolore ekimena eta antzekoak?

EH 11 Kolore jarraitu beharreko bidea iruditzen zait, modu bikaina da kultur aniztasunaren errealitatea aditzeko, komunean ditugun gauzetan loturak aurkitzeko, ezberdintzen gaituenari horrenbeste begiratu gabe.