Berriak
Kultur aniztasuna sustatzeko elkarteen sare bat eratzeko lehen urratsak egin ditu Donostiak
2014ko otsailaren 25
Donostiako Udala kultur aniztasuna sustatzeko elkarteen eta norbanakoen hiri mailako sare bat eratzeko bidean da. Udazkenean hiriko auzotan egindako prozesu parte hartzailean herritarrek egindako ekarpenetako bat izan zen hori, eta orain asmoa da norbanakoak eta eragileak elkarlanean aritzea, dinamika egonkor bat sortzea, beti ere, kultur aniztasuna eta bizikidetza sustatzeko. Udalanitz lurralde mailako eta ICC Intercultural Cities nazioarte mailako sareekin elkarlanean ariko da hiri mailako sarea.
Pasa den astelehenean, Donostiako udalbatzar aretoan, prozesu parte hartzailearen emaitzak ezagutaraziko zitituzten. Diagnostikoa duela urtebete egin zuten. Aurkeztu berri duten txostena auzoetako prozesu parte hartzailean herritarrek egindako ekarpenak jasotzen ditu, eta hasierako diagnostikoaren emaitzak aberastera dator. Sare bat osatzeko beharraz gain, herritarrek bestelako proposamenak egin dituzte, besteak beste, administrazioa eta elkarteen arteko harremanak sakontzea, batzartuta ez dauden komunitateengana gerturatzea, topaketak, festak eta ekintzak egitea, sinesmena ezberdinak praktikatzeko espazioak sortzea, kultur ezberdinekiko errespetua sustatzea, euskara ikasteko eskaintza zabaltzea, xenofobia eta aurreiritzien kontrako neurri zehatzak hartzea, espazio publikoa bereganatzea, migrazioen jatorrian sakontzea, elkarbizitzarako proiektuak garatzea, oinarrizko beharrei eta larrialdi egoeren aurrean baliabide eta informazioa eskainiko duen gune bat sortzea, iritsi berriak diren pertsonei harrera egiteko bulegoa, eta enplegu bilaketa aktiborako programak eratzea.
Txosten berri horretan oinarrituta lan ildoak zehaztea izan da hurrengo urratsa. Lan ildo hauen artean dago, sare bat osatzea, sentsibilizazio kanpainak egitea, herritar berriei harrera egiteko protokolo bat sortzea, eragile eta alor ezberdinen arteko zehar lerrotasuna garatzea, emakume etorkinentzat tailerrak antolatzea, elkarteentzako diru laguntzen deialdia egitea eta web atari bat sortzea.