Berriak
"Linguae Vasconum Primitiae" beste sei hizkuntzatara itzuli dute
2013ko abenduaren 3
Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) euskaraz publikatutako lehen liburuaren edizio berria aurkeztu dute goizean. Oraingoan, txineraz, arabieraz, kitxuaz, errumanieraz, katalanez eta galegoz.
Ekitaldia 11:00etan hasi da, Gasteizko Ganberan, eta, horretan, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak eta Andres Urrutia eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko presidenteak eta idazkariak hartu dute parte. Xabier Kintanak "Kontrapas" olerkia irakurri du, euskaraz, eta, ondoren, katalanez (Marti i Castelek), galegoz (Manuel Gonzalez), errumanieraz (Delia Mihaela Cristea), txineraz (Fang Xiao), arabieraz (Shaalan Hares) eta kitxuaz (Veronica Yuquilema) egin dute.
Legebiltzarra "Babel txikia" bihurtzeko helburu horretan, Mikel Morris, Karmele Jaio, Julia Brade, Simon Lambert eta Giovanni Zanon idazleen bideoak eskaini dituzte, olerkia ingelesez, gaztelaniaz, alemanez, frantsesez eta italieraz ere entzuteko. Guztira, 12 hizkuntzatan izan da entzungai.