Blog

descarga

Azken hamabost urte hauetan literatura asko sortu da Gerra Zibilaz, baina, aldiz, ijitoez ez da ezer idatzi.

36ko Gerran Euskal Herrian bizi ziren ijitoen bizipenak bilduko ditu dokumental batek

14.01.2013

36ko Gerran Euskal Herrian bizi ziren ijitoen bizipenak bildu ditu David Martinezek (Errenteria, 1980) laster Agifugi elkartearen eskutik argia ikusiko duen dokumental batean. GARA egunkariko Gaur 8 gehigarrian Xole Aramendi kazetariak egindako elkarrizketa batean azaltzen denez, “ez da lan erraza ijito batek hildako senitartekoez hitz egitea, baina lortu du, elkarteko ijitoen laguntzaz”.

Dokumentala Euskal Herriko historia osatze bidean duen garrantzia nabaria da. «Ijito herriaren historia osatzea ezinbestekoa da euskal historiografia osatu nahi badugu. Ezin da herri baten historia osatu jendartearen zati guztiekin kontatu gabe», adierazi dio David Martinezek GARAri. Historiagile honi ijitoekin kultura ezagutzea erabat aldatu zaio bizitzarekiko ikuspegia. «Beste erritmo batean bizi dira, beste gauza batzuek dute garrantzia. Nabarmena da adinekoei dieten errespetua, esaterako. Kapitalismoaren barruan dagoen gizarterik antikapitalistena da», dio zalantza izpirik gabe. Historia ikasketen ondoren ijitoei buruz egin zuen tesina David Martinezek. “Historia sozialarekiko interesa nuen, eta, ez dakit nola, baina ijito herriarekin zer gertatu zen galdetu nion neure buruari. Ez nuen inolako erreferentziarik aurkitzen. Ikertzen hasi nintzen”.

Dokumental honetan, izkutatutako historia ezagutuko dugu. “Azken hamabost urte hauetan literatura asko sortu da Gerra Zibilaz, baina, aldiz, ijitoez ez da ezer idatzi. Bazen garaia norbaitek esan zezan gerra garaian ijitoak ez zirela desagertu, hemen egon zirela. Bando batean edo bestean borrokatuz batzuk, eta, gehienak, ihes egin nahian, gainontzeko gizartea bezala. Egin ditugun ikerketek diotenez erosoago egon ziren errepublikarren bandoan, batez ere talde anarkistetan. Baina ez zuten inolako bloke zehatzik osatu, gune geografikoaren eta zirkunstantzia pertsonalaren araberakoa izan zen”.