Blog
Donostia, Euskal Herriko lehen kulturen arteko hiria
24.03.2014
Donostia Kulturen Arteko Hiria da, pasa den ostiraletik. Donostiako Udalbatzak aho batez onartu zuen izendapena erakunde adierazpen baten bidez, eta ostiralean irakurketa publiko batean eman zen argitara izendapenaren berri, hain zuzen, Arraza Diskriminazioaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Euskal Herriko aurreneko hiriburua izango da izendapen hori duena.
Naiara Sampedro Kultur Aniztasuneko zinegotziak adierazi zuen erakunde adierazpen horren bitartez, beste urrats bat eman dela arrazakeriaren kontra eta berdintasunaren aldeko konpromisoan: “Donostia jatorri eta kultura aniztasuna duen hiria dela aitortzeko unea da, eta aniztasuna aberasgarria dela aldarrikatzeko unea, ildo horretan, gure jarduna berdintasunaren eta bereizketarik ezaren printzipioen arabera garatzeko konpromisoa hartzen dugu, kulturen arteko bizikidetza eta kohesio soziala lortzeko helburuarekin”.
Donostiak, zentzun horretan, Intercultural Cities sarearen kide diren beste hirien eredua jarraitzen du. Donostia Intercultural Cities (ICC) sarearen kide da 2011ko martxotik. ICC Sarea Europar Kontseilua eta Europar Komisioaren arteko ekimena da eta 20 hiri baino gehiago daude horren barne, baita 5 sare nazional ere. ICC sarearen helburua da hirien aniztasunaren kudeaketan laguntza eskaintzea kide diren hiriei. Horretarako, gai horretan adituak diren hiri ezberdinetako pertsonen laguntzaz, nazioarte mailan egiaztatutako metodologiaz eta, ikasketa eta ikerlanerako tresnen multzoaz baliatzen da. Halaber, hiriaren politikak eta zerbitzuak berregituratzeko laguntza eskaintzen du, testuinguru anitz batean eraginkorragoak izateko eta aniztasunak lehiaketa-abantaila suposatzen duela adierazteko.