Blog

sukaldekontuak

Roberto Awa Nari, Barbara Goenagaren ondoan, "Sukalde Kontuak" filmaren fotograma batean.

"Euskarak eman zidan munduan leku bat"

27.03.2013

Peruko Amazoniako Kukama herriko kidea da Roberto Awa Nari eta orain sei urte heldu zen Euskal Herrira, pelikula batean parte hartzeko. Eltze askotako burruntzalia da Roberto: musikari, aktore, irakasle, artisau, argazkilari... Euskal Kultura.com webguneak amazoniar honen istorioa kontatu digu, Bego Miñaur kazetariak sinatzen duen elkarrizketa honetan. Perun ikasi omen zituen lehen hitzak euskaraz, apaiz batek oparitu zion kasete bateko abestia fonetikoki ikasita: "uh uh uh colore bisia, arrasá ke riaren contra..." kantatzen ei zuen.

Roberto Awa Nari Peruko Amazonian dagoen San Pedro de Tipishka herrixkan jaio da, Kukama herriaren baitan. "Kukamarrek kukameraz hitz egiten dugu, tupi guarani familia linguistikoaren adar bat", azaldu dio Robertok -euskaraz, noski- EuskalKultura.com-i. "Ez dakit zenbat garen, ze, esaten da kukamak desagertzen ari direla. Jendeari lotsa ematen dio kukameraz hitz egitea, bakarrik erabiltzen da txantxa egiteko, etxean senideen artean edo mozkortuta daudenean. Peruko eskola publikoak eragina izan zuen gure hizkuntzaren galera honetan. Penagarria da".

Orain dela sei urte Euskal Herrira etorri eta bertan gelditzea erabaki zuen. Basaurin, zehazki. Ez hori bakarrik: euskaldunen artean erabat integratzeko asmoz, euskara ikastea ere erabaki zuen. "Baina langabezian nengoen eta AEKko lagun irakasle batek euskara ikastera doan gonbidatu ninduen. Detaille hori oso garrantzitsua da niretzako. Euskarak eman zidan munduan leku bat".

Harrigarria bada ere, Robertok euskara eta kukama oso antzekoak direla dio. "Adibidez, Peruarrek gutaz burla egiten dute, erderaz esaldiak aldrebez esaten ditugulako: “de la selva su gente” edo “de Juan su camisa”. Itzulpen hori zuzenean dator kukamatik, horregatik esaten dut kukama eta euskara antzekoak direla: “ritama awakana”=“oihaneko jendea”, “juan chiru”=” Jonen alkandora”, adibidez".

Amazonian, antza, euskal kutsua duten hitzak ere badira, aspaldi handik ibilitako euskaldunen arrastoak, agian: "Peruko oihanean, sarri entzun daitezken hitzak dira “zuri” (zizare zuri bat), “motelo” (dordoka mota bat),“txalupa” (kanoa) edo “xiringa”... baina hori beste istorio bat da". 

Euskarak Euskal Herrria ulertzen lagundu diola dio, eta oso gertuko sentitzen ditu euskara eta kukama. "Herri bat barru-barrutik, bere sustraitik, bere amalurretik, bere hizkuntzatik ikusten baduzu, den-denak hartzen du zentzua eta ez dago mugarik. Kukameen hizkuntza eta euskara indigenak dira, biak".