Blog
Euskaratik, 35 hizkuntzetarako hiztegia
16.01.2014
Euskaltzaleen Topaguneak hiztegitxoak.eu webgunea jarri du martxan. Bertan, euskaratik 35 hizkuntzetarako noranzkoan, eta alderantziz, oinarrizko hiztegiak lortzeko aukera eskaintzen du Topaguneak, eta honela, egunerokotasunean hizkuntza ezberdinetako hiztunen artean "zubi hizkuntza" euskara izatea bultzatu nahi du. Hiztegitxoak.eu webguneak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesa jaso du.
Webgunearen arduradunek adierazi dutenez, munduan 6.500 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira, hizkuntzak dira kulturen adierazle garrantzitsuenetakoak eta, beraz, munduko kultura aniztasunari eusteko, zaindu egin behar dira. "Euskarak Euskal Herria du bizitoki bakar eta, jakina denez, egoera gutxituan dago. Gainera, gurean beste hizkuntza ugari bizi dira, asko azken urteetan etorri diren pertsonek ekarriak. Aniztasuna, beraz, etxean daukagu. Bakoitzak bere hizkuntza zaindu eta erabiltzeaz gain, beste hizkuntza batzuk ere ikasiz gero, denok aberastuko gara, eta bakoitzak bereari uko egin gabe, euskara izan dadila guztion arteko kohesio eta komunikazio hizkuntza", azaldu dute.
Euskaltzaleen Topaguneak hainbat urte daramatza euskara eta aniztasun gaiak jorratzen, eta hiztegitxoak.eu webguneak norabide horretan "pausu bat gehiago emango du", hainbat esparrutan baliagarri izan daitekeelako, hala nola eskola eremurako. Honela, elkar harremanerako oinarrizko hiztegi hauekin, elkarren arteko ezagutza eta aitortza bultzatu nahi da euskara erdigunean jarriz.
Webgunearen bidez, 330 hitzeko oinarrizko hiztegia eskuratu eta inprimatu daiteke egunerokotasunean erabiltzeko. 35 hizkuntza horietako batzuk gainera, gutxituriko hizkuntzak dira. Era berean, erabiltzaileek hizkuntza berrietako oinarrizko hiztegiak txertatu ditzakete, webgunea gero eta hizkuntza gehiagorekin elikatuz.