Blog

dsc_1442

Lekeitioko Senegaldarren Elkarteak elkartasuna eskertzen du

13.09.2013

Hemen, Lekeitioko Senegaldarren Elkarteak, Udalarekin batera, bidalitako komunikatua.

"Malick Fall senegaldarraren heriotzaren harira, Lekeitioko Senegaldarren elkarteak mezu batzuk helarazi dizkie lekeitiar guztiei. Alde batetik, eskertu nahi da lekeitioko herritarrek zein udalak Malick Falli erakutsitako elkartasun olatua. Ezbeharra jakin bezain pronto, udalaren protokolo guztiak martxan jarri ziren eta irailaren 3an bertan elkarretaratze bat egin zen familiari doluminak emateko. Orduan erabaki zen, diru bilketa bat egitea Malick Fallen gorpua sorterriratzeko eta familiak azken agurra eman ahal izateko.

Malick Fallen anai arrebak, Pape Fall eta Dior Fall, Lekeitiora bertaratu ziren eta alkatea, gainerako udal ordezkari zein Lekeitioko senegaldar elkartearekin bildu ziren. Familiak, eskerrak eman zizkion udalari emandako laguntzagatik, eta batez ere herritarrei erakutsitako elkartasunagatik.

Itsulapiko bidez, kontu korrontez eta eskura egin da diru bilketa. Senegaldarren elkarteko kideek adierazi nahi dute milaka herritar izan direla, txiki zein heldu, doluminak eman diotenak eta bere poltsikotik laguntza eskaini dutenak.

Gorpua jada eraman dute Senegalera eta atzo egin zuten bere omenezko zeremonia. 4.175 euro behar ziren gorpua sorterriratzeko eta 4.845 euro batu dira guztira. Diru guztia baina, familiari bidaliko zaio hurrengo egunetan elkartasun gisa. Udalak ere zoriondu egin nahi du herritarren elkartasun olatua, ezbeharra gertatu zenetik gaurdaino".