Berriak
Euskara eta euskal kulturara hurbiltzeko etorri berriei zuzendutako ikastaroak, Sakanan
2013ko otsailaren 1
Sakanara etorri berriei euskara eta euskal kultura ezagutarazteko asmoarekin, Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak bi ikastaro antolatu ditu. Altsasun eta Lakuntzan egiten ari diren ikastaro hauek azaroaren 26n hasi ziren eta otsailaren 22ra arte luzatuko dira.
Berria egunkariak argitaratutako erreportaje batean esandakoaren arabera, Altsasuko taldea herriko Zelandi ikastetxeko guraso elkarteak eskatuta sortu da. Hamabost ikasleko taldea da. Denetarik dago, baina batez ere Madrildik lanera etorritako gurasoek osatzen dute. Virginia Potenciano 41 urteko madrildarra da horietako bat. Senarraren lanagatik etorri da Euskal Herrira bizitzera. Zumarragako Arcelor-Mittal enpresan lan egiten du haren senarrak. Altsasura etorrita, euskara ikasteko beharra sentitu duela dio. «Komunikatzeko premia dut, eta euskara ikasteko beharra sentitu dut», esan dio Berriari.
Taldean dauden asko haren egoera berean daude. «Familia asko etorri gara Madrildik hona bizitzera, eta inguru berrira egokitu behar dugu». Euskara ikasteak ingurukoekin harremanak hobetzen ez eze, lana lortzeko aukerak ere zabalduko dizkiola uste du. «Ate asko irekiko dizkit. Euskaraz jakinda lan aukera gehiago izan ditzaket. Hemen bizi behar dut, eta etorkizunean pentsatu», azpimarratu du. Potencianok 7 urteko semea du, eta harentzat euskara irakaslea hartu behar izan du, eskolatik aparte, etxean ere euskara ikas dezan. Haurrari eskolako lanetan laguntzeko ere baliagarria zaio euskara ikastea.
Errealitate hori ikusirik, hiztun horiek euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko asmoa lantzen hasi zen Sakanako Mankomunitatea. Euskararekiko sentsibilizazio lan horretan, 60 orduko ikastaroa da euskara zerbitzuak eskaintzen duena. Oinarrizko kontuak ikasten dira: euskaraz agurrak eta aurkezpenak nola egin, besteak beste.