Berriak
Gure bizilagun ijitoak ikusgai bihurtu zirenekoa
2013ko urtarrilaren 2
Aste honetan Durangoko 47. Liburu eta Disko Azoka ospatu zela hilabete bete da, eta, hortaz, balantzea egiteko une egokia izan daiteke. Liburu eta diskoen salmentak aztertzeko, ordea, ez, izan ere, hori argitaletxeen kontua da. Azokaren zuzendaritzak azken edizio hau ijitoen kulturari dedikatzeko izan zuen erabaki txalogarria hartu dugu aitzakia
Ijito herria hedabideetan agertu zen, eta ez gatazkagatik edo baztertze gaiengatik, baizik eta kultur arrazoiengatik. Gainera, euskaldunon urteko kultur ekitaldirik garrantzitsuenetariko batean
Durangoko Azokak Euskal Herriak duen hamaika kolore eta guk aldarrikatzen duguna azaleratu zuen. Hori existitzen baita, nahiz eta batzuetan ez ikusi. Gerediaga Elkarteko buruak Nerea Mujikak adierazi zuen: "Aurten auzokideak gonbidatu ditugu, gurekin bizi diren horiek, eta, halere, ikusezinak dira".
"Jende askok uste du ijitoa ijitoa dela, eta ez, ordea, herritar euskalduna. Aldiz, hori ez da horrela, “hemengo ijitook ijito euskaldunak gara", aldarrikatu zuen Jennifer Perex, KDK Gazteak taldearen arduradunak inaugurazio-ekitaldia hasi baino lehenago DEIAren kronikan. Durangon Soraya Motos idazlea ezagutu genuen, Bilbokoa izan arren, ezezaguna zen guretzat. Haren hitzetan eta Berriak eginiko elkarrizketan aipatu zuenez, "Elkar ezagutzeari elkar onartzea gehitzen badiogu, elkar errespetatzea dakar" horixe du andreak leloa.
Izan ere, 600 urtean zehar elkarrekin egon diren arren, Manuel Vizarragak Kale Dor Kayijo elkarte-buruak esan zuenez, ijito herriari ez zaio inoiz protagonismorik eman, ezta zabalkunderik ere. Besteak beste, EITBk egindako bideo honetan, ikus daiteke, ordea, ijito kulturak baduela gurean zer esanik.