Berriak
“Pausoz pauso”, sei hizkuntza eta liburu bakarra
2013ko otsailaren 9
Euskara, gaztelania, arabiera, portugesa, ingelesa eta urdua. Azpeitiko Urola ikastolako ikasleek hitz egiten dituzten hizkuntzak dira, eta horietan dago idatzita, hain zuzen, “Pausoz pauso” ipuin-liburua, duela hilabete batzuk ikastetxeak argitara eman zuena.
Irakasleen eta ikasleen parte-hartzearekin eraman dute aurrera ekimena, ikastolaren hizkuntza-egoera islatzeko asmoz. Horrela, DBH 1eko ikasleek asmatu eta idatzi zituzten ipuinok, 2.ekoak ilustrazioez arduratu ziren, eta nagusiek itzulpenetan lagundu zuten.
Bestelako jatorriko hizkuntzen hiztunek sentitzen dutena adierazteko aukera eskaini nahi izan du ikastolak liburua kaleratuz. Baina, batez ere, Alberto Izagirrek ETBren bideo honetan azaltzen duenez, helburua “euskaldun eleanitzak suertatu, hornitu eta potentziatzea” da. Bere esanetan, euskara da gure kultur aberastasunaren enborra, eta gainontzeko hizkuntzak horren adarrak dira.