Berriak

euskara685

Euskal Herriko elebitasuna ez zaie arrotza Tanveerri eta Saifullah Khadmi, Pakistanen ere antzeko egoera ezagutu baitute

Tanveer eta Saifullah, Azkoitian euskara ikasten

2013ko urtarrilaren 17

“Tanveer Hussain eta Saifullah Khadm Hussain ez dira euskaldunak jaiotzez. Pakistanen dute jatorria eta urte gutxi daramatzate gure artean. Biak euskalduntzeko bidean dira eta asmo horrekin biltzen dira astero Banaiz Bagara elkarteak Azkoitian antolatutako euskara ikastaroetan”.  Horrela hasten da Argia astekariak argitaratu duen erreportajea, Iure Eizagirrek egina.

Pare bat urte igaro dira Tanveer Hussain Azkoitiara heldu zenetik. Ordurako Saifullah Khadm Hussain han zegoen, urtebete gehiago baitarama herrian. Gaztelaniaz hitz egiten ikasi zuten lehenbizi baina laster sentitu zuten euskara ikasteko grina, beraien esanetan, hemen bizita beharrezkoa baita. Zergatik ikasten duen galdetzen diotenei euskara ikasteko gogoagatik egiten duela erantzuten die Tanveerrek, Argiak kontatzen digunez.

Bi pakistandarrok Banaiz Bagara elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan hasi ziren euskara ikasten, Petra Elser irakasle zutela. Euskaraz komunikatzen ikastea dute helburu, kalera irtetean jendearekin hitz egin ahal izateko. Elser irakasleak hala dio: “Gramatikaren irakaskuntzan interesik ez baina euskaraz komunikatu nahi duten edo euskaltegira joateko denborarik ez duten atzerritar eta erdaldunei zuzenduta daude ikastaroak”. (....)

Euskal Herriko elebitasuna ez zaie arrotza Tanveerri eta Saifullah Khadmi, Pakistanen ere antzeko egoera ezagutu baitute. Punjab probintziako Gujrat hirikoak dira biak. Urdu hizkuntza da han ofiziala baina milioika pertsonek punjabiera hitz egiten dute, tartean Azkoitiko bi herritar hauek. “Etxean eta kalean punjabiera hitz egiten dugu”, zehaztu du Tanveerrek, “eskolan urdua”, gaineratu Saifullah Khadmek. Errespetuzko trataeran urdua erabiltzen da eta erregistro informalagoetan, berriz, punjabiera. Ondorioz, urdua da bulegoetako, eskoletako, aireportuetako eta unibertsitateetako hizkuntza, arlo profesionalean darabiltena.

Herrialdean urdua baino gehiago hitz egiten den arren, ikastetxeetan ez dute punjabiera irakasten. Hizkuntza hori etxetik dakartenek ere urduz eskainitako hezkuntza jaso dute. Hori da, Tanveerren kasua, esaterako. Hala ere, ez dute punjabiera ahazten eta galtzen, kalean zein etxean erabiltzen baitute, baita Euskal Herrian elkarren artean ere. Gainera, telebistan ere bi hizkuntzak erabili ohi dituzte.